Kaixo merkatariei, kaixo tabernariei

bertonaldizkaria 2016ko mai. 12a, 08:00

Duela hiruzpalau urte hasi zen Tanttaka euskara taldea Uribarri auzoko euskal komuninatea saretzeko lanean. Hain zuzen ere, auzoko euskaldunen arteko harremana sendotzeko moduari “bueltaka” jardun da luzaroan, apirilean, Kaixo! dinamikaren bitartez, teoriatik praktikara jauzia egin duen arte.

Helburua aspalditik zehaztuta izan du Tanttaka euskara elkarteak, Uribarriko euskaldunak identifikatzea, harremanetan jartzea eta saretzea. Betiere auzoan euskararen erabilera sustatzeko. Helburua lortzeko modua, aldiz, ez du argi izan. “Hasi ginenean ez genuen jakin nondik nora jo”, aitortu du Matxalen Zabaljauregi Tanttakako kideak. Aurten, dinamika zehatz batekin aurrera egitea erabaki du taldeak. Uribarri auzoko komertzio eta taberna euskaldunak edota euskararekiko jarrera baikorra dutenak identifikatzeari ekitea, alegia. Merkatariak eta ostalariak hautatu dituzte auzotarren egunerokotasunean “baliabide” direlako; eurak dira dinamikaren ardatz. 

Izan ere, Uribarriko euskaldunak auzoko tabernetan eta dendetan gaztelaniaz komunikatzen dira gehienetan. Eta barraren edota saltokiaren beste aldean dagoen pertsonak askotan euskaraz hitz egiten badaki, apurtxo bat badaki, edota euskararekiko jarrera baikorra dauka. Matxalen eta Tanttaka euskara elkarteko bere lagunei horixe gertatzen zaie. “Kuadrillan euskaraz hitz egiten dugu eta, poteatzean adibidez, tabernariari gaztelaniaz eskatzen diogu edaria. Horregatik sortu nahi dugu tresna bat hizkuntza ez aldatzeko euskaraz badakiten edota ulertzen duten komertzioetan”. Identifikazioaren bitartez, ‘háblame en castellano’ bezalako erantzun “bortitzak” ekiditea dute xede. 

Hortaz, hausnarketa faseari amaiera eman diote kaleko lanari ekiteko. Apirilaren amaieran, komertzioei buruzko informazioa biltzen hasi dira. Besteak beste, erabat euskaraz non dakiten, langile euskaldunen bat non dagoen edota, euskaraz hitz egin ez arren, euskara ulertzen duten komertzianteak non dauden jakiteko. Matxalenen arabera, badira “zerbitzu batzuk” euskaraz emateko gai diren profesionalak. Uribarriko taberna askotako langileen kasua da hori. “Elkarrizketa bat ez, baina ‘hiru zurito eta bi beltz’ ulertzen dute. Beraz, zerbitzuaren zati bat emateko gai dira”.   

Trauko kalean, apirilaren 12an, eta Moraza plazan, 15ean, auzoratu zuen Tanttakak ‘Kaixo!’ izena eman dion dinamika. Apirilaren 13an, berriz, aurkezpen “formalagoa” egin zuen Auzo Factoryn bertaratu ziren auzotarren aurrean. Euskaraz agurtzeko hitzen bat aukeratu nahi zuten dinamika izendatzeko. ‘Aupa’ oso erabilia izan arren, euskaldunen eta ez euskaldunen artean, ‘Kaixo’-ren alde egitea erabaki dute “normalean euskaldunek bakarrik erabiltzen duten hitza delako”. 

Lehen emaitzekin gustura dago Tanttaka taldea. “Guk uste baino leku gehiagotan daudelako euskaldunak eta euskaltzaleak”, dio Matxalenek. Aste honetan dendetan eta tabernetan, bananaka-bananaka aritu dira Tanttaka kideak dinamikaren berri ematen. “Komertzio bakoitzari informazioa helarazten eta galdetzen bertan parte hartu nahi duten”. Baiezkoa erantzun dietenei koloretako pegatina bana eman diete atean, begibistan izateko. 

Guztiz euskaldunak diren saltokiei pegatina berdea ematea erabaki dute, langileren bat euskalduna den saltokiei pegatina laranja eta euskararekiko konpromisoa dutenei pegatina morea. Bildutako datuekin eta banatutako koloretako pegatinekin mapa bat sortuko dute. Beren-beregi Tanttakak sortuko duen web gune batean edonoren esku egongo da mapa digital hori, eta bertan ikusgai komertzioen izena, kokapena eta kolorea. 

Hiztegitxo sinple bana emango diete euskaraz ez dakiten baina euskararekiko jarrera positiboa dutenei, eguneroko berbekin: “Kaixo”, “agur”, “egun on”... eta eskatuko diete berba horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko. “Gehienek dagoeneko badakizkiten arren”. 

Beste kasu batzuk aurreikusi ditu Tantttakak. Saltoki bateko jabeak dinamikan parte hartu nahi ez izatea, baina langileek bai; edota frankizia bat diren komertzioen kasuan arazoak izatea pegatina jartzeko edo datuak web gunean zabaltzeko. Horientzako, eta nahi duen guztiarentzako, txapak egingo dituzte, “maila pertsonalean ere parte hartzeko aukera izan dezaten”. 

Dinamikari epemuga jarri diote, ekainaren erdialdera arteko epea. Ekainetik aurrera uribarritarrak auzoko jaietan murgiltzen direlako. Denbora ez ezik eremu geografikoa ere mugatu dute. Goitik, Maurice Ravel kalean izango du muga eta behetik Anselma de Salces kalean. Aldeetan berriz, Moraza plazak eta Panerak ezarriko dute muga. Finkatutako espazioan 200 bat komertzio daude. Horietatik guztietatik pasatzen ahalegindu dira. “Gure dinamikan zenbatek parte hartuko duten ez dago jakiterik; jendearen araberako izango da parte-hartzea. Batzuk dagoeneko animatu dira, eta beste batzuk jarrera baikorra agertu dute. Ea lortzen dugun mapa txukun bat osatzea”. 

Bi hilabete eta erdian ez badira 200 komertzioetara heltzen, egin gabeko kaleko lan hori hurrengo urterako utziko dute. Lantaldearen indarra ez agortzeko. “Denborarekin” dinamika osatu eta zabaltzeko asmoa dute, besteak beste, Zurbaran auzora. Horretarako Zurbarango auzotarrekin harremanetan daude. “Prest badaude kaleko lana eurek egin dezakete bertan”, dio Matxalenek. 

Kaixo! dinamika Tanttaka euskara taldearen ekimena da. Baina Tanttaka ez dago bakarrik proiektu honetan. Laguntza eskatu du eta laguntza jaso du auzoan. Korrika Batzordea, Uribarri Auzolanean edota jai batzordetik tiraka jende prestua batu da egitasmora. Boluntarioei taula bana eman die Tanttakak, komertzio jakin batzuren izenarekin, “astia dutenean eta ondoen datorkienean”, komertzio horietan Kaixo! dinamikaren berri zabal dezaten. Boluntario batzuk bakarrik dabiltza dendaz denda eta tabernaz taberna. Beste batzuk, “lotsagatik edo”, binaka. 10 bat lagun ari dira orain artean kaleko lan horretan. Laster gehiago ere batuko zaizkie. Tanttakak auzoko eragile gehiago animatu nahi baititu parte hartzera. 

Behin-behineko mapa osatzen ari dira geldiro-geldiro. Boluntarioek komertzioetan bildutako datuak Google Mapsen bidez gordetzen dituzte. Ondo bidean, iraileko azken larunbatean, Uribarriko jaietako Euskararen Egunean aurkeztuko dute mapa eta web gunea. Itxura “polita” duen web gunea izatea nahi dute taldekideek, eta “ez dadila mapa huts baten geratu”. Nolabait, “erabilgarritasuna eta jarraipena” eman nahi diote. Oraindik orain, zehaztu ez badute ere Uribarrin euskal komunitatea trinkotzeko hurrengo pausoa zein izango den. 

tanttakaeuskarataldea@gmail.com

kaixouribarri.wordpress.com