Uribarri Eguna 2016: egun ederra, lan ederra, giro ezin hobea

bertonaldizkaria 2016ko eka. 14a, 17:37
Argazkiak: Uribarri Auzolanean

Urtero aldatzen du Uribarri Auzolanean plataforma osatzen duten 15 bat elkarteek Uribarri Eguneko formatua. Aurten, Auzoa Berritzen Bigarren Barrutiko Merkatarien Elkarteak antolatutako paella lehiaketarekin bat egin du auzotarren egunak. 

Uribarri auzoak duen beharrizanen bati talde-lanean erantzutea du xede Uribarri Egunak. Horretarako “iraungo duen zerbait” eraiki edota konpondu ohi dute. Auzolan eguna ez ezik jai eta ospakizun eguna ere bada. “Pertsona ezberdinak ados jarri eta gauza zehatzak egiteko gai” direla adierazi nahi dute ekimenaren bitartez. Aurtengoan, Trauko kaleko oinezko gunea lorontziekin apaintzea erabaki dute. Ez edozelako lorontziekin. Auzotarrek eurek paleekin egindakoekin, hain zuzen ere.

Egurra eskuratu, moztu, lorontzi forma eman eta ondo lotu ostean kolore deigarriekin margotu zituzten Uribarriko auzotarrek joan den maiatzaren 28an. Besteak beste, berdez eta urdinez, “gaurko hazia biharko lorea” esaldia erantsiz. Lorontzietan izpilikua, ezkaia edota mendafina landatu zituzten; landare usaintsuak denak.

Trauko kalea lanerako espazio gisa erabili zuten eta beste auzokide batzuen arreta deitzea lortu zuten. Zalantza barik, ikusmina piztu zuten oinezkoen artean. Uribarri Auzolanean plataformako kide Patxiren esanetan, “oso koloretsu” geratu dira lorontziak. “Zein politak”, zioten pasakeran auzotarrek.

Lorontziak arbolen ondoan paratu badituzte ere, ez molestatzeko batik bat, Espazio Publikoaren Erabilerarako Bulegoak lorontziak kentzeko agindu die astebetera. Harrituta jaso dute aginduaren berri Uribarri Auzolanean plataformako kideek. Merkatariekin eta Udaleko ordezkariekin hitz eginez jakin dute auzokide bat izan dela kexaren bat aurkeztu duena.

Paellak

Maiatzero, azken hiru urtetan, Auzoa Berritzen Bigarren Barrutiko Merkatarien Elkarteak paella lehiaketa antolatzen du. Garai beretsuan San Frantzisko auzoan Munduko Arrozak ekimen jendetsua ere izan ohi da. “Elkarri traba ez egiteko” eta “hiru egunetan paella ez bazkaltzeko”, Uribarriko paella lehiaketak eta Uribarri Egunak bat egin dute egutegian aurten lehenengoz. “Collagea eginez”, deialdi bakarra izan da auzoan, eta indarrak batzeari esker, “jende gehiagok parte hartu du” ekitaldietan.

Pozik daude antolatzaileak, paelletan izandako giroarekin eta parte-hartzearekin. Datu bat aipatzearren, Uribarri Auzolanean plataformako kideek talderik gabekoentzat egindako paella 53 lagunek dastatu zuten. Adierazi zutenez, Lopa sukaldariaren paella “ezin hobea” zegoen. Guztira, 25 paella aurkeztu ziren.

Overward gainean

Bi gurpileko plataforma elektrikoa da Overward izenekoa. Gainean duen pertsonaren pisu eta presioaren arabera batera edo bestera astiroago edo bizkorrago mugitzen da. Bazkalostean Harritxoen kirol gune estalian hiru Overward plataformaren gainean ibiltzeko aukera izan zuten ume, gazte eta helduek. Sekulako aukera. “Merezi zuen”, dio Patxik, ondo pasa zuen seinale. Zoritxarrez ez zen jende asko hurbildu frogatzera. Izan ere, Trauko kalean izan zen bazkari herrikoia –ia egun osoko ekitaldiek Trauko izan zuten erdigune–, eta bazkalostean “jendeak ez du mugitzeko ohiturarik”. Aurtengo esperientziatik ikasitakoarekin, hurrengo urtean espazioak beste era batera antolatuko dituzte Uribarri Egunean. 

Egunari amaiera emateko, Aketxe tabernatik abiatuta, bi orduz kantari ibili ziren uribarritarrak poteoan Moraza plazara iritsi arte. Iazko Uribarri Egunean lehen aldiz antolau zuten AuzoKantari ekimenak aurten jende gehiago elkartzea lortu du.

Laburbilduz, “egun ederra, lan ederra, giro ezin hobea” izan da aurtengo edizioan. “Berezia” izango zela iragarri zuten antolatzaileek urtero apur bat aldatu ohi den formatuaren berri ematean, eta esan bezalakoa izan da.

 

2017an

Aurtengoa pasa berri den arren, Uribarri Auzolanean plataforma osatzen duten 15 bat elkarteek argi dute 2017ko Uribarri Egunean nora bideratuko dute euren ahalegina. Moraza plazara. Bitan zatituta dagoen enparantzak badu alde ilun bat, “gutxi erabilia”, eta hori da eraldatzeko hautatu duten gunea. Oraindik orain ez dakite zer egingo duten. Urte osoa dute pentsatzeko, ideiak biltzeko eta erabakitzeko. Edozer dela, “parte-hartzailea” den ekimenen bat prestatuko dute espazio hori “txukundu eta hobetu asmoz”.

 

@uribarriauzolanean 

www.infouribarri.org