Uribarri bere dinamismo sozialarengatik ezaguna den auzoa da. Auzo elkarteak, emakume taldeak, kolektibo soziokulturalak... asko dira urteetan martxan jarri diren ekimenak. Era berean, mugimendu sozial guzti hauek bizi izan duten problematika komuna izan da; “espazio falta konstante bat bihurtu da auzoko eragileen jardueretan”, Galtzagorri gazte taldearen arabera.
Talde eta sektore sozial horien artean, gazteen kolektiboa izan da afera hau “gehien sufritu” duen taldeetariko bat. Horrela, gazteen “ezinegon hori” modu anitzetan plazaratu da azken urte hauetan. “Espazio falta, jarduerak garatzeko baldintza prekarioak, faktore klimatologikoen menpe egotea une oro, planteatzen diren dinamika asko ezin egitea... elementu hauek guztiak eguneroko ogia dira auzoan antolatzen garen gazteontzat. Azken finean, Uribarriko gazteon bizitza soziokulturala aurrera eramateko zailtasunak nabariak dira”.
Errealitate horren “puntu gorena”, Patakon (orain Auzofactory Matiko dena) eraikinaren okupazioa izan zen. “Okupatu eta egun gutxira eraikina utzi behar izan bagenuen ere, oso positiboa izan zen auzoko gazte eta jendearen artean sortu zen harremana eta elkarlana”, diotenez.
Halaber, gazteek “auzoaren mesedetan” garatzen duten “lan sozial guztiaren garrantzia” azpimarratzen dute. Izan ere, “sarritan”, hiri batean garatzen diren eskaintza soziokulturalak “anitzak” izan daitezke, baina aldi berean, “motz” gera litezke zentzu batean. “Alegia, bizitza soziokulturala ez da eskaintza soil batean geratu behar; ezin gara kontsumitzaile paperera mugatu”, gazteen esanetan. “Hiri bateko programa eta plangintza soziokulturalak, hiri horretako gazteen proposamenak integratu behar ditu, sormena bultzatuz eta gazteok ekintzaile papera hartuz. Beste modu batera esanda, orain arte nagusitu den kontsumitzaile-ekoizle dikotomia birplanteatu behar dugu”.
Hortaz, auzoko gazteentzat lokal edo espazio bat edukitzeak “auzoari dinamismo aberasgarria” emango lioke, eta “Uribarriko gazteek haien auzoan haien aisialdiaz gozatzeko aukera izango lukete”.
Proposamena
La Pinza izenez ezagutzen den gunea Artasamina kalearen goialdean eta Loruriko etxe-multzoaren behealdean kokatzen da, autobidea gainetik pasatzen delarik. Horrela, hiru komunikazio eta garraiobide ardatzek zeharkatzen dute eremu hau: autobideak, trenbideak eta funikalarrak. Nahiz eta gaur egun Euskotrenek bere zerbitzua ez eskaini, trenbideak dituen egiturazko elementuak zutik diraute oraindik.
Baldintza geografikoen ondorioz, eta gainera, dituen baldintza estrukturalak kontuan hartuta, “nahiko gune berezia” da. Alde batetik, autobidearen azpian kokatzean, “eremu iluna” da eta bestalde, “konplexutasun handiko sarbideak” ditu. Autobidea saihesteko pasabideak izateaz gain, igarobide sigi-sagatsuez josirik dago.
Auzoko elkarte eta taldeek sarritan salatu dute guneak dituen “gabeziak”. Espazio hau auzokideentzako “gune ez seguru” bezala seinalatua izan da sarritan. Segurtasun falta horren arrazoiak ez dira soilik elementu materialak edo egiturazkoak: “Gunea sozialki baztertu egon da denbora luzez, izan ere, bertan ez dira ekimen eta aktibitate soziokulturalak garatzeko beharrezko baldintzak betetzen”.
Bi zailtasun horiek direla eta, hau da, baldintza fisikoen prekarietatea eta ekintza soziokulturalak garatzeko zailtasuna, auzoko “puntu beltz” bezala izendatua izan da. Uribarriko eta, orokorrean, Bilboko emakume talde eta kolektibo feministek ere seinalatu dute puntu honen “arriskugarritasun maila nabaria”.
Galtzagorrik proposatzen duen alternatiba soziokulturalak “errealitate negatibo horren amaiera” ekarriko luke, izan ere, “bizitza soziokultural dinamiko bat garatzeak asko lagunduko luke aipaturiko arazo guzti horiek ekiditen. Beraz, espazioa birgaitzea (bi zentzutan ulertuta: alde batetik, birgaitze fisiko eta estrukturala eta bestalde, birgaitze sozial eta dinamikoa) da puntu beltz honekin bukatzeko modu eraginkorrena”.
La Pinzako eraikina “baliabide bat” izango da “auzoko bizitza soziala dinamizatzeko, Uribarriko mugimendu soziala osatzen duten eragile sozial ezberdinak kontuan harturik”.
Metodologia
Galtzagorrik bi euskarri teoriko nagusi dituen metodologia landu du La Pinzarako. “Batetik, gure antolatzeko era asanblearismoan oinarrituko da, gazte desberdinez osaturiko elkargunea izanik erabakitzeko marko edo esparru nagusia. Bestetik, autogestioa izango da gure lan-filosofia”.
Taldearen kudeaketa “era bertikalean ez antolatzea” garrantzitsutzat jotzen dute gazteek. Hau da, mota guztietako hierarkiak alboratuko dituzte “maila berdinean gauden gazteez osaturiko asanblea sortuz”. Beraz, proiektuari dagozkion erabakiak era asanblearioan hartuko dira, gazte eta auzokide guztien ikuspuntu eta iritziak errespetatuz eta kontuan hartuz.
La Pinzako lan-filosofia nagusia “autogestioa” izango da. Horrela bada, garatuko diren ekimenen erabakitze esparru nagusia “auzoko gazteen asanblada” izango da. “Halaber, gazteok garatzen ditugun dinamika eta ekintza guztiak asanbladak erabakiko ditu”.
Proiektua aurrera eramateko euren kabuz finantzatutako ekintzak eta tailerrak lehenetsiko dituzten arren, “ez dugu laguntza ekonomikorik baztertzen. Hala ere, honek ez du aldatzen aurretik esandakoa, hau da, afera ekonomikoek ez dute baldintzatuko erabakitze esparru nagusia: asanblada”.
Hainbat tailer eta ekintza pentsatu diuzte jada Galtzagorriko gazteek, besteak beste, hitzaldiak, zineforuma, literatura tailerra, dantza tailerra, antzerki tailerra, musika tailerra, sormen tailerra, parkourra, kaleko gimnasioa, risoterapia, serigrafia, graffitiak, tattoak, bertso eskola edota defentsa personal tailerra.
“Gazteon erabakitze esparruak sustatzea eta kultura sortzaile jarrera bermatzea ezinbesteko elementuak dira bizitza soziokultural aktibo, osasuntsu eta dinamiko bat garatzeko. Hau gutxi balitz, auzoko gazteen artean kontzientziazio eta ardura kultura bat sustatzeko espazio paregabea dela deritzogu”.
Proiektuari ekiteko “gogotsu” daude Uribarriko gazteak. Joan den uztailean txostena Udaletxean aurkeztu ostean, Udalarekin elkartzeko zain daude. La Pinzako gunea “gazte espazio erreal bat” bihurtu nahi dute, “auzoko gazteak elkartu eta gure beharrizanak asetzen dituen egitasmo batean elkarlanean aritzeko”.