Korrika 20

Izaskun Arruzazabala: “Uribarri auzoa gogotsu dago euskararekin eta Korrikarekin”

uriola.eus 2017ko ots. 16a, 15:54

Uribarriko Korrika Batzordea aktibatu berri da. Lehen bilera irekia "oso arrakastatsua" izan da. Tanttaka euskara taldeko kideek antzeman dute auzoan bi urterik bi urtera, Korrikatik Korrikara, handitu egiten dela auzoaren inplikazioa. Gero eta eragile gehiago animatzen dira parte hartzen.

Zein da arrakastaren arrazoia?

Jendearen parte-hartzea. Ekimenak antolatu ditugunean auzoko eragile eta lagunak kanpotik hurbildu zaizkigu, eta parte-hartzea badagoela jabetzen direnean, animatu egin zaizkigu. Horrek indarra eta itxaropena ematen du. Gogoa piztu du auzoan ekimenetan lan egin eta parte hartzeko. 

Nortzuk animatu dira Korrika Batzordean parte hartzera?

Lehen bileran, esaterako, 20 bat lagun elkartu ginen. Guretzat oso, oso baikorra da. Eragile desberdinen ekarpenak egiteko gunea da batzordea. Tartean daude auzoko lau ikastetxeak eta guraso elkarteak. Animotsu daude, gainera. Iaz parrillada ondo atera zen, eta ‘aurten ere prest gaude egiteko’, esan dute. 

Zein da Uribarriko Korrika Batzordearen helburua?

Auzoan euskara maitatzen dugunok lekua izatea. Uribarrin euskaraz bizi nahi dugula adierazi nahi dugu eta euskal guneak sortu horretarako. Antolatzen ditugun ekimen guztiek euskara dute ardatz. 

Aste Kulturala antolatu ohi du Uribarriko Korrika Batzordeak. 2017koaz baduzu ezer aurreratzerik?

Anbiziotsuak garenez, Aste Kulturala antolatu ohi dugu eta, aparte, ekintza parte-hartzaile masibo bat. Aurreko urteetan mosaikoa eta flashmoba izan dira. Aurten ere zeozer egingo dugu. Bi lantaldetan banatzen gara. Batek, eragileek osatutakoak, Aste Kulturalera bideratuko du indarra eta besteak ekimen masibora. Azpiegitura zehatza eskatzen du ekimen masiboak, lauzpabost buru horretara espresuki zuzentzea. 

2017ko ekintza parte-hartzaile masiboa zelakoa izango da?

Ideia bat baino gehiago dauzkagu esku artean. Bogan dagoen mannequin challenge erako bideoa bat egitea, adibidez. 20. Korrikako abestia oso polita eta bizia da, zirkuarekin lotura handia du, eta horrekin ere joka dezakegu. Horregatik, agian, dena ez da mannequin challenge erakoa izango. Oraindik ez dugu zehaztu. 

Noiz emango diozue hasiera Aste Kulturalari?

Korrika apirilaren 6an pasako da, ostegunez, Bilbotik. Lehen bileran pentsatu dugu gure Aste Kulturala bukatzea Korrikarekin batera. Hortaz, aldaketarik ezean, aurreko asteburuan hasiko da.

Zein da Korrika Batzordearen erronka?

Batzordera edonor hurbiltzea nahi dugu, eragileak eta norbanakoak. Gure helburua gero eta talde zabalagoa izatea da auzoko zirrikitu guztietara heltzeko. Nabarmentzekoa da, ekintza masiboan, auzo guztiak parte hartzen duela. Iaz, esaterako, 350 lagun batu ginen mosaiko bat elkarrekin osatzeko. Horrek esan nahi du auzoa gogotsu dagoela euskararekin eta Korrikarekin.

 

uriola.eus/komunitatea/tanttakaeuskarataldea

tanttaka@hotmail.es