'Ipuin eta errimen erritmora' izenburupean, edizio honetan, istorioak kontatzeko, entzuleentzat poesia erakargarriagoa egiteko eta gure bertsolaritza tradizioa protagonista nagusi izango dituzten zenbait jarduera programatu dira. Horrela, proposamen berritzailea azpimarratu behar da, Spoken Word Bilbaoren eta Victoria Gullon erromantze-kantariaren eskutik eskainiko den ahozko poesia topaketa, hain zuzen ere. Bertan, antzerkiaren bitartez aurkeztutako poesia eszeniko erakusketa eskainiko dute. Protagonistak bertsoa eta ekintza izango duen errezitaldi kontzeptu berria izango da. 'Poesia de ayer y de hoy. Para siempre' martxoaren 11n eskainiko da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Auzo Factoryn.
Horrez gain, berriro programatu dira aurreko edizioetan harrera beroa jaso zuten jardueretako batzuk, mikro-kontakizunak sortzeko tailerra edo funikularraren inguruko beldurrezko istorioak, familia osoari zuzendutako ingelesezko, frantsesezko, gaztelaniazko eta euskarazko ipuin-kontalari aukera zabalaz, liburuen aurkezpenez, hitzaldiez, zineaz eta antzerkiaz gain. Izan ere, 'Istorio Biziak' egitarauaren aurreko edizioan mila pertsona inguruk hartu zuten parte jardueretan. Jarduera horietan auzoko gizarte, hezkuntza eta kultura arloko zenbait eragileren laguntza jasoko da, barrutiko lau ikastetxe publikoena, Artxandako Funikularrarena, Auzo Factoryrena edo Institutu Frantsesarena, besteak beste.
Horrela, 'Istorio Biziak', aisialdirako jarduera izateaz gain, adin tarte guztietara zuzendutako prestakuntzarako eta sorkuntzarako ekimen gisa aurkezten da. Horretarako, oso estilo eta teknika anitzetako profesionalak arituko dira. Dagoeneko ezagunak diren narratzaileekin batera, Alabazan taldeko kideak (Pedro Ruiz, Bego Alabazan eta Joaquín Ponte) besteak beste, aurten, beste batzuen artean, antzinako juglareen lanaren gaurkotze bizia erakutsiko duen Daniel Orviz, Ohiana Bartra eta Ibon Ajuria bertsolariak, eta bereziki umeei zuzendutako ahozko tradizioan espezializatutako Pello Añorga edo Xabier Olaso (euskaraz) edo Annie Funny (ingelesez) arituko dira.
Programazioa astelehenean, martxoak 6, hasiko da, Epalzaren Alarguna Institutuko areto nagusian. Bertan Sor ditzagun istorio biziak 2017 liburua aurkeztuko dute. Izan ere, aurreko asteetan, barrutiko eskoletako neska-mutilek (Epalzaren Alarguna, Zurbaranbarri, Zurbaran eta Uribarri) istorioak sortu dituzte taldeka eta haiek sortutako pertsonaiei bizia eman diete, euren auzoetan kokatuz. Sormenerako gune honen ondorioz sortutako istorioekin eta euren irudiekin liburu eder bat argitaratuko da. Hurrengo egunean argitalpena Zurbaran ikastetxean aurkeztuko da.
Programazioak umeei eta familiei bereziki zuzendutako hamar bat jarduera jasotzen ditu, ipuinetarako eta irakurketarako gustua oso gaztetatik pizteko. Proposamenen artean, ipuin-kontakizun errepertorio zabala jasotzen da, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz, musikak, txotxongiloek edo marrazki bizidunek lagunduta, eta baita umeentzako poesia eta umeen eta gurasoen idazketa sortzailea eta poesia sorkuntza sustatzeko guneak ere.
Arlo horretan azpimarratzekoa da familia osoari zuzendutako tailerra, euskaraz, larunbatean, martxoaren 11n, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Auzo Factoryn. 'Olerki xuxurlatua' izeneko jardueraren helburua poesia interpretatzen, errezitatzen eta xuxurlatzen ikastea da, komunikaziorako trebezia berriak garatuz.
Ikus-entzule helduak
Helduei beren beregi eskainitako jardueren artean, Ana Belen Alonso ALFA sormen idazketa tailerraren koordinatzaileak eskainiko duen 'Taller de microrrelatos – La vida en pocas líneas' sormen gunearen edizio berria dago. Jarduera hori martxoaren 9an izango da Castañoseko Udaltegian eta martxoaren 16an Zurbaranbarriko Udaltegian, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Leku horretan bertan programatu da Ana Belen Alonsok berak dinamizatuko duen literaturari buruzko solasaldia, martxoaren 14an, Ramiro Pinilla idazlearen El coro ipuinaren inguruan. Ipuina saioan bertan irakurriko da eta horri buruz hitz egingo da.
Helduei zuzendutako ipuin-kontalarien saio azpimarragarrienetakoa martxoaren 17an izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Zurbaranbarriko Udaltegian, poesia, bakarrizketa eta juglareen tradizioa eskaintzen dituen Daniel Orviz narratzailearen 'Massaslam!' ikuskizun bitxiarekin. Daniel Orvizek topaketa desberdin bilakatzen du saio bakoitza, poemen errepertorioa aldatu egiten da eta ikus-entzuleek botoa ematen dute, parte hartzen dute eta artistarekin batera aritzen dira.
Beste alde batetik, eta iazko edizioan lortutako arrakasta ikusita, martxoaren 18an, 'Beldurraren funikularra' izenburupean, ohikoa bezain lasaia izango ez den bidaia proposatzen da, beldurrezko istorioez lagunduta. Jarduera 20:00etan hasiko da –gaztelaniaz– eta 90 minutu inguru iraungo ditu. Saio horretarako, eta baita tailerretarako eta leku kopuru mugatua duten beste jarduera batzuetarako, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.eus webgunearen edo 94 401 00 10 telefono-zenbakiaren bitartez.
Programaren edizio hau martxoaren 19an amaituko da, 13:00etatik aurrera, Trauko kaleko oinezkoentzako gunean egingo den azken jaiarekin, Salbatzaileko fanfarreak alaituta, eta Daniel Orvizen eta Ohiana Bartra eta Ibon Ajuria bertsolarien partaidetzarekin. Topaketa horren xedea, martxoaren 10ean Castañoseko Udaltegian egingo denarena bezala, erromantze narratzaileen eta juglareen tradizioa eta bertsolarien bertsoak fusionatzea izango da. Elkarrekin abestu, kontatu, errezitatu eta hitzekin eta musikarekin jolastuko dute.