Aurtengo Uribarri Eguneko jomuga: barruko Moraza plaza biziberritzea

bertonaldizkaria 2017ko mai. 26a, 09:24
Argazkia: Uribarri Auzolanean‏ @uribarriauzolan

Urtean behin elkartu ohi dira Uribarriko bizilagun eta elkarteak auzolanean. Aurtengoan, bihar, larunbat, barruko Moraza plazan esku hartuko dute gunea biziberritzeko asmoz. 

Egun osoko egitarau oparo eta zabala antolatu dute Uribarri Auzolanean plataformaren baitan dauden 20 bat elkartek bi helbururekin. Batetik, Uribarri Eguna, auzoko eguna, auzotarren eguna ospatzea dute xede. Bestetik, barruko Moraza plazan hainbat aldaketa egiteko asmoa dute. Gunea biziberritzeko palletekin lorategi bertikala eraikiko dute eta pasabidean murala margotuko dute. Esku hartzeko egitasmo hauekin plaza atseginagoa izatea nahi dute.

Ideia hauek eta beste batzuk iazko azaroan bildu zituzten 'Auzolanean Moraza berpiztu' egitasmoaren bitartez. 

Larunbatekoak, hilak 27, ospakizunetik ere asko izango du. Besteak beste, umeentzako tailerrak, bazkari herrikoia, Elvi sabel hiztunaren emanaldia eta Auzo Kantari poteo-kalejira antolatu dituzte.


infouribarri.org

twitter.com/uribarriauzolan