Panera etxaldean 1967tik gaur arteko hirigintza operazioetan izan diren "irregulartarsunen" dokumentazioa aurkeztu dute Bizkaiko Fiskaltzaren aurrean Gure Etxea auzo elkarteko ordezkariek, EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaoren babesarekin.
Uribarriko Gure Etxea auzo elkartearen iritziz "legez kanpokoa da" Amenabar enpresak eraiki nahi duen 19 solairuko etxe orratza. Panera etxe-multzoko 'bosgarren blokea' bezala ezagutzen dena. Amenabarrek "errepideari dagokion lursailean eraiki nahi du dorrea" (30.486 finkan). “Guztiz legez kanpokoa”, elkartekideen esanetan.
Udal txosten teknikoen arabera, “lursaileko kopuru eraikigarria beteta dago”, baina “Udalak gunea birkalifikatu zuen, eta aukera oparitu zion blokea eraikitzeko”, Gure Etxeak orain baino lehen salatu duenez. Epaitegiko atarian adierazitakoaren arabera, Udal Gobernuaren "kolaborazioa" funtsezkotzat jo du Fernando Sanz elkarteko bozeramaileak "ustezko legez kanpoko eta legezko operazio urbanistiko mugagabeak egiteko". Are gehiago, Sanzek Udalari leporatu dio "18 milioi euro oparitzea enpresa eraikitzaileari 2013an burutatako birkalifikatzearekin, Panerak lursailean eraikitzeko eskubidea galduta zuenean".
Asier Abaunza: "Auzitegiak izan dira auzotarren aurka eta Paneraren alde egin dutenak"
Hiringintza zinegotzi Asier Abaunzak prentsaurrean azaldu du Udala "bosgarren blokearen aurka" eta "auzotarren alde" agertu dela beti, eta auzitegiak izan direla "auzotarren aurka eta Paneraren alde" egin dutenak. Eta errealitate hori ebazpen berriek ezin dute aldarazi "Auzitegi Nazionalaren epai irmo batek Paneraren jabetza eta eraikitzeko eskubidea aitortzen duelako". Abaunzak argi du Udala ez dagoela prest milioi askoko kalteordaina ordaintzeko Etxebarria parke ondoko 760 metro kuadrogatik".
Gogor kritikatu du Hirigintza zinegotziak oposizioko EH Bildu, Udalberri eta Goazenen jarrera "lotsagarria" - esan du-, "politika epaitegietara eramategatik eta Udalaren irudia zikintzen saiatzegatik".
Mila sinaduratik gora, Panerako 5. etxemultzoaren aurka
1.143 sinadura aurkeztu zituen Uribarriko Gure Etxea Auzo Elkarteak Bilboko udaletxean Panera etxaldean eraiki nahi duten 19 solairuko eraikinaren aurka auzoan dagoen “masifikazioa”, “berdegune falta”, “gehiegizko zarata” eta “zoruaren ezegonkortasunagatik”. EAJ-PSEko udal gobernuak lursail horren birkalifikazioa babestu zuen arren, Udal Plangintzaren Aholku Batzordea proposamen horren aurka agertu zen. Lehen aldiz egin zuen batzordeak Udal gobernuaren erabakiaren aurka.