Indarkeria sexista

Bi gizon espetxeratu dituzte emakumeak erasotzeagatik

uriola.eus 2017ko ira. 18a, 12:12

Igande goizaldean izan dira bi erasoak. Bata Ametzola auzoan eta bestea Uribarri auzoan. Bi kasuetan, polizia agenteek ustezko erasotzaileak atxilotu dituzte. 

Eraso matxista baten berri ematen zuen dei baten ondorioz bertaratu zen igande goizaldean Udaltzaingoa Labayru kaleko etxebizitza batera. Bertan zegoen emakumeari eraso egitea leporatuta, gizon bat atxilotu zuten agenteek.

Bigarren eraso bat izan dela jakinarazi du Bilboko Udalak ohar bidez. Igande goizeko lehen orduan eztabaida gogorra izan zuen bikote batek kalean, emakumea bere ahizparekin zegoela. Bilboko Udaltzaingoa ere azaldu zen, baina emakumeak gizona salatzeko aukerari uko egin zion. Etxera bueltatzea erabaki zuen.

Ordu batzuk geroago, etxera bueltatzean gizonak labanarekin eraso egin zion andreari. Inguruan zebilen ertzain batek lagundu zion emakumeari, eta berehala atxilotu zuten gizona. Gauerako gizona Basauriko espetxean zegoen.

Emakumea, ospitalean oraindik, arriskutik kanpo dago. 

 

Udalaren gaitzespena

Bilboko Udalak, ordezkaritza duten talde politiko guztien adostasunarekin, irmotasun osoz gaitzetsi ditu Uribarriko eta Labayru kaleko erasoak eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak "horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".

 

Elkarretaratzea

Gaur, hilak 18, Uztaritzeko erailketa matxista -joan den asteazken arratsaldean hilda aurkitu zuten 23 urteko emakumezkoa- salatzeko elkarretaratzeak egingo dira hego Euskal Herriko hiriburuetan Emakumeen Mundu Martxaren deialdiari erantzunez. Bilbon, 19:30ean, izango da Arriaga plazan.