Hausnarketa kolektiboan parte hartzera deitu dituzte uribarritarrak

uriola.eus 2018ko mai. 3a, 11:09

Auzoaren inguruan hausnarketa egin nahi dute Uribarrin, eta horretarako ostiral eta larunbat honetan Uribarri aurrera: gaurko erronketatik etorkizunera izeneko jardunaldiak antolatu dituzte.

Bi urtero hausnarketa egin ohi dute Uribarrin. Auzoko eta auzotarren beharrizanen eta proiektuen inguruan hitz egiteko biltzen dira. Eta beharrizan eta proiektuen jarraipena egitera. Diagnostikotik abiatuta, aurrera begirako erronkak finkatzen dituzte auzoan bizi direnek eta lan egiten dutenek. "Denon artean norantz zuzendu nahi dugun erabakitze da helburua, eta erronka horietara bideratzea gure lana", dio Karlos Ruiz Gure Etxea auzo elkarteko kideak. 

Joan den larunbatean Beste Bilbao bat posible da lelopean manifestazioa deitu zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. Hiriko 200 bat eragilek babestu zuten deialdia. "Nork bere kaxa egiten duena elkarrekin egiteko" mezua zabaldu zuten federaziotik. Izan ere, Karlos Ruizen esanetan, "gauza gehienak transbertsalak dira. Arazoak komunean jartzea da xedea, denon artean indar gehiago izateko". 

Hortaz, auzoan aktiboki parte hartzen duten 50 taldeetako ordezkariak elkartu nahi dituzte ostiralean eta larunbatean. Baita talde edota elkarteetatik kanpo dabiltzan auzotarrak ere. Karlosek "idealtzat" jotzen du 100 bat lagunen parte-hartzea.

 

Uribarri aurrera: gaurko erronketatik etorkizunera

Ostiral arratsaldean, Auzofactoryn, 18:30etik aurrera, auzoko azken hamar urteetako egoera soziologikoa errepasatuko dute. Ostean, partaideek, nork bere lana aurkeztuko du. "Zeinetan bat egiten dugun aztertuko dugu, denon artean laguntzeko", azaldu du Karlosek. Gure Etxeak, esaterako, jardunaldietan aipagai izango ditu auzotarren batazbesteko adina –10.000 biztanle baino gehiago dira 65 urtetik gorakoak–, etxe hutsak –1.693 etxe huts daude–, edota azpiegitura publikoak –azpiegitura gehiagoren beharra–. Uribarri Konpartsak Aste Nagusiaren eta konpartsa beraren 40. urtemuga eta auzoko gazteek La Pinza guneko proiektua. 

Larunbatean, "beste erreferentzia eta esperientzia interesgarri batzuk" ezagutzeko aukera izango dute, "nolabait, orientatzeko balio dezaketenak". Besteak beste, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko Emakumeen Etxea, Euskal Herriak 11 Kolore eta Euskaraldia bezalako egitasmoak. 

Zalantzarik gabe, jardunaldiek interesa piztu dute auzotarren artean. Jardunaldien berri emateko sortu duten bideoak erakusten duen aniztasuna da horren seinale.