Harro sentitzen dira Janire eta Mikel Uribarri konpartsak 40 urteko ibilbidean egindako lanarekin. Gazteak dira, eta eurentzat aurreko belaunaldiek utzitako "oparia" da konpartsa. Eginda jaso dutena. Hasierako belaunaldiei borrokatzea eta eraikitzea egokitu zitzaien eta eurei jarraipena ematea dagokie. Gogotsu hartu dute eusteko eta jarraitzeko konpromisoa. Izan ere, konpartsakide izatea "lan polita" da.
Jai Batzorde Mistoan oinarri duen jai eredua da Bilbokoa. Herrikoia. 1978an finkatu eta abiarazitakoa. Konpartsakide beteranoei entzun diete Janire eta Mikelek orduko berri, hamaika anekdota eta pasadizo. 70eko eta 80ko hamarkadatik asko aldatu da 40 urtetan Aste Nagusia. Erakundeekin harremana, parranda egiteko modua, kontsumizeko modua... oso bestelakoa da. "Herritik datorrena herriarekin aldatzen da, eta aldatzen jarraituko du", dio Mikelek. Uribarri konpartsaren eta Bilboko Konpartsak federazioaren erronka da bide hori "txukun egitea eta eraberritzen jarraitzea".
Urteurren borobila izaki, aurtengo Aste Nagusia berezia izango da. Bai Uribarri konpartsarentzat bai 1978tik tinko eutsi dioten beste zazpi konpartsarentzat. Abuztura bitarte lan piloa dute egiteko. Besteak beste, zeozer "potentea" dute esku artean. Oraindik konta ezin daitekeena. "Sorpresa polita" izango dela aurreratu dute.
Larunbatean hitzordua Trauko kaleko oinezkoen gunean
Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbat honetan Uribarri konpatsako kideek Trauko kaleko oinezkoen gunean. Umeentzako tailerrak, Inaxio Perurenaren erakustaldia, bazkari herrikoia (250 kilo patata prestatuko dituzte errioxar erara), erromeria... Doakoa eta librea izango da parte hartu nahi duen guztiarentzat.
Auzolanean antolatu dute guzti-guztia. Besteak beste, kartelak eta pegatinak konpartsakide batek diseinatu ditu eta patatak egosteko lapikoa (dimentsio handikoa) beste konpartsakide batek egin du. Auzoko merkatari eta tabernariak lagun dituzte, oso hurbileko. Eta horregatik erabaki dute larunbateko jaiko partaideen artean auzoko saltokietan gastatzeko erosketa bonoak zozketatzea.