Bilboko Udalak gaur hasiko ditu Uribarriko Udaltegia zabaltzeko eta hobetzeko lanak. Udal liburutegia beste solairu batean egongo da eta gaur egungoak daukan espazio bikoitza izango du, argi eta aireztapen naturalarekin. Gainera, lekualdaketarekin, liburutegiak orain okupatzen duen lekua libre geratuko da eta tailerrak eta ikastaroak egiteko gunea egokituko da.
Udaltegia Zurbaranbarriko Iturriondo plazan dago eta, orain arte, 400 metro karratuko solairu bakarra okupatu izan du beheko solairuan. Instalazioak zabaltzeko eta hobetzeko eskariari erantzuna emateko, Udalak goiko solairua erosi zuen. Hortaz, 137 metro karratu lortu dira, lehendik zeuden 400 metro karratuei gehitzeko.
Gaur hasitako lanen helburua da solairu berria udal liburutegia jartzeko egokitzea. Horrela, bada, liburutegiak izango duen espazio asko haziko da, gaur egungo 65 metro karratuetatik 137 metro karratuetara. Espazioko baldintzak ere hobetu egingo dira, argi eta aireztapen naturala izango baita.
Liburutegi honetan, liburuen ohiko maileguaz gain, irakurtzeko espazioa egongo da eta umeentzako jarduerak, ipuin-kontalariak eta ikastetxeetako bisitak egiteko ere balio izango du.
Liburutegia orain dagoen lekua libre geratuko da lekualdaketaren ondoren eta 65 metro karratuko balio anitzeko areto bihurtuko da. Tailerrak, ikastaroak eta jarduerak egiteko erabiliko da, eta ekintza horiek lehen baino leku handiagoa izango dute.
Udaltegiaren jarduera normaltasunez egingo dira lanek dirauten bitartean. Lan horiek urtearen amaieran bukatuko direla aurreikusten da. Bilboko Udalak 162.000 euro inbertituko ditu udaltegia handitzeko eta hobetzeko lanetan.
IZAPIDEAK ETA ZERBITZUAK
Uribarriko Udaltegiak, Castañoseko Udaltegiarekin batera, Matiko, Loruri, Uribarri, Zurbaran, Castaños eta Arabella auzoetako 36.000 pertsonari ematen die zerbitzua.
Instalazioetan, udal liburutegiaz gainera, Bilboko Udalaren Herritarren Informazio Bulegoa dago, udalaren eta auzoko elkarteen ikastaroak eta tailerrak egiten dira, ikasteko areto bat eta areto nagusia daude.