Xirimiri espazioak ateak ireki zituenetik bi urte pasa dira. Hori ospatzeko, ekintza kulturalez beteriko astea prestatu dute. Lehenengo egunean, ospakizunari hasiera emateko, bi ekintza prestatu zituzten. 18:00etan, inaugurazioan egin zuten moduan, auzotik tour bat prestatu zuten, "peatonaletik" Xirimirira. Bertan, 19:00etan, Iñaki Lakaren Iraganaren aztarnak eta Javi Traperoren Hezurrak argazki erakusketen aurkezpena egin zuten.
Erakusketa ikusteko, larunbatean, otsailaren 12an, 12:00etatik 14:00etara espazioa zabalik egongo da. Gaur, emakumeentzako antzerki tailerrerako eguna izango da. Xirimirin bertan sortutako Titiranoak nesken antzerki taldeak prestatu du, eta irekia izango da, aforoa bete arte.
Bihar, osteguna, otsailak 10, mahai ingurua egingo da 18:00etan. Bilboko kultur-espazioak saretzen izango da gaia eta Karmela, Malatesta Kultur Lubakia eta Xake espazioa ibiliko dira solasean. Ostiralean, haur eta helduentzako dantzaldia ospatuko da Ane Pirataren eskutik 17:00etatik aurrera, eta larunbatean, aipatu bezala argazki erakusketak emango dio amaiera asteari.