Bilbon egoitza duen leku berean ospatuko du bere eguna aurten Bizipoza elkarteak. Aurretik, Lasarte-Orian Boluntariotza KM0 ekimena egin dute eta orain azaroaren 6an, Bizipoza eguna izenburupean egingo da. Euria egiten ez badu Uribarriko eskoletako kanpan egingo da eta eguraldia txarra egiten badu Harritxoen kirol gunean.
Lau ekintza egongo dira guztira goiz osoan zehar eta lehena 10:30ean. Haur eta helduentzako tailerrak ikastetxeetako IGEen eta Bizitegiren eskutik. Ondoren, 11:30ean Porrotx eta Ane pirata Bizipozako eta Uribarriko elkarteekin kantuan eta dantzan egongo dira. Bi pailazoak urriaren 27an hurbildu ziren Uribarriko ikastetxe guztietara hauetako ikasleek egindako aurre-lanketa borobiltzeko.
Eguerdia pasatuta, omenaldia egingo zaio Peña Uribarriri eta zuhaitzen landaketa egingo da Salbatzaile eta Kastaños Kantariko lagunekin. Azkenik 13:00etan Diberjentes taldeak kontzertua eskainiko du eta hamaiketako kooperatiboa egingo da auzoko merkatarien eskutik. Bestalde, dantzaraldiko lehen entsegua egingo da eta photocalla egongo da.
Uribarriren balioa
Garrantzitsua da Uribarriko egoitza, bertan kudeatzen baitira Bizipozaren gida-didaktikoen proiektua, hezkuntza formala, ez-formala eta herrigintza helburu dituen proposamen didaktikoen sorta. Hauek Bizipozaren barruko elkarteen baloreak lantzen dituzte eta adin guztietako haur, gazte zein helduei zuzenduta daude.