Bihar ospatuko da Uribarriko II. Sortzaileen Topagunea

uriola.eus 2023ko aza. 24a, 19:44
Argazkia: Xirimiri Espazioa

Maiatzean lehendabiziko edizioa antolatu ostean, oraingoan auzokideei auzoko sorkuntza espazioak erakustea du ekitaldiak helburu.

Xirimiri Espazioa Uribarrin kokatuta dago. Hainbat proiektu abiatzen dituzte eta horietako bat da aurtengo urtarrilean sortu zuten sortzaileentzako sarea. Pixkanaka pixkanaka, ahoz aho, auzoko arte disziplina desberdinetako pertsona animatzen joan ziren.

“Hasieran bilerek ez zuten helburu konkreturik eta horretarako maiatzean lehendabiziko topaketa egin genuen, partaideek elkar ezagutzea helburu zuena” adierazi du Eire Larrea Alonso sorkuntza sareko kideak. Lehendabiziko edizio hartan, 23 pertsonek parte hartu zuten. Fitxa moduko batzuk sortu zituzten norberak bere burua eta sorkuntza esparrua deskribatu zezan. Egun osoko jardunaldia izan zen. Goizean, lehendabizi elkar ezagutu eta gero, sorkuntzarekin lotutako hainbat afera landu zituzten, horien inguruan hausnartzeko: artearekiko egiten den kontsumoa, sortzaileek bizi dituzten baldintzak, sortzaileak sortzera eramaten dituen barne eta kanpo motibazioak… Arratsaldean, ordea, jardunaldi praktikoago bat antolatu zuten. Hala partaide bakoitzak bere sorkuntza esparrua erakusteko aukera izan zuen: musikari batzuek hainbat abesti kantatu zituzten, beste batzuk euskarri digitalen bitartez beraien proiektua aurkeztu zuten, beste batzuk antzerki bat inprobisatu…

Bigarren topaketa honek ere bi zati izango ditu. Lehenengoan, sortzaileak bilduko dira sare honen helburua eta antolakuntza zehazteko. Bigarrena, ordea, “gainontzeko auzokideei irekita egongo da, zeinetan auzoan zeharreko tour moduko bat antolatu , auzoan dauden sorkuntza espazioak ezagutu ditzaten (galeriak edota tailerrak, esate baterako)” nabarmendu du Larreak. Alde horretatik, biharko asanblada 10:00etan hasiko da eta tourra, berriz, 13:00etan.