Campo Volantin Pasealekuko 37an dagoen Olabarri Jauregia Bericato S.L. enpresari esleitu dio Bilboko Portuko Agintaritzak. Enpresa naparrak Luze hotel-katearekin loturak ditu, eta 1894ko eraikina luxuzko hotel bilakatzeko asmoa du. Bilboko garai hartako arkitekturaren gordailu, 1953an erosi zuen eraikina Bilboko Portuko Obra Batzordeak, egoitza gisa erabiltzeko, eta handitze lanak egin zituen 1957tik aurrera; jauregiaren azalerari Uriortu 35 zenbakiko eraikina ere atxikitu zitzaion horrela.
Luxuzko hotel-katea
2023ko ekainean irten zen lehenengoz enkante publikora jauregia, lehenengo salmenta honetan ordea ez zen saldu, naiz eta interes handia piztu izan. Leihaketaren ondoren, kontratua zuzenean esleitzeko aukera eman zen eta, hala, 10.470.798 eurotan(BEZik gabe) erosi zuen Olabarri Jauregia Bericato enpresak. Enpresa naparrak Luze katearekin lotura estua du, izan ere Iruñeako Luze Toro, Castejongo Luze El Villa eta Madrilgo Luze Castellana hotelak elkarrekin kudeatzen dituzte.
Babestutako ondarea
Eraikinaren ondare arkitektonikoari dagokionez, jauregiaren berritze- eta egokitze-lan guztiek haren ondare eta arkitektura-babesak errespetatu beharko dituzte, interes arkitektoniko eta historikoa duten elementu guztiak babestuta baitaude. Badira, hala ere, erabilera berriaren aurkako iritziak; Uribarri Prest! plataforma sozialak mobilizaziora dei egin du martxoak 1ean ostirala, eraikinaren erabilera publikoa galdu eta enpresa pribatu bati saldu izana gaitzesteko. Plataformak sare sozialen bidez zabaldutako deialdian azaldu dutenez, erabilera berriak ez die aurre egiten auzoko beharrei “Nagusientzako zaintza gune publikoak, gazteentzako espazioak, auzokideentzako espazio komunitarioak, haurreskolak... asko dira auzo honen beharrak”, eta Udalaren jokabidea gogor salatu dute.
Manifestazio deialdia
Traukoko oinezkoen gunetik Olabarri Jauregira egingo dute manifestazioa ostiralean, 18:30etatik aurrera.