Autogestioa oinarri, auzotik eta auzoarentzat antolatu ditugu jaiak. Auzoko kuadrillen zein norbanakoei esker, jaiak modu herrikoi eta zabalean prestatu ahal izan ditugu. Horregatik, egun guztietan zehar argi utzi dugu ez dugula jai herrikoien eta, oro har, herri mugimenduaren kontrako erasorik onartuko. Txosnak, gureak, denonak direlako.
Antzerkiak, kontzertuak, pintxo lehiaketa, txokolatada, poteoak, tailerrak, dantza txapelketa… Hamaika kontuk osatu dute aurtengo egitaraua. Eta, noski, ezinhobeto bazkaldu dugu bi asteburuetan, txapelketa gastronomikoetan!
Aurten, gainera, hainbeste urtean desiratu dugun torreta izan dugu Gazte Konpartsan! DJ-ek musikaz bete dute txosna. Eskerrik asko karaokea egin zuten Jizu, Nerea eta Maialeni, eta Pizzkolabiz, Iranjaise eta Crexpori!
Bigarren larunbatean ospatu dugu Gazte Eguna. Gauean egindako ekitaldian, argi utzi dugu jaiak aldarrikatzeko espazio ere badirela. Horregatik, Gazte Konpartsatik EAJren hiri eredua salatu dugu. Ez ditugu zuen gezurrak sinesten. Ez, turistifikazioak ez du auzoa aberasten. Alokairuen eskaintzaren murrizketa, prezioen igoera, komertzio txikien itxiera eta enpresa handien etorrera besterik ez du eragiten. Argi izan, auzoan eta, herri honetan, Euskal Herrian, badagoela gazteria antolatu bat. Auzoan bizi nahi dugu: Uribarri Uribarritarrontzat!
Festetan murgilduta egon garen arren, ez dugu ahaztu Israelgo estatu sionista genozidio bat egiten ari dela Palestinan. Hamarkadak daramatzan Herri Palestinarraren aurkako zapalkuntzak gaur ere dirau. Bihotzetik, palestinar herriari, Palestinar erresistentziari, besarkadarik eta babesik handiena bidali nahi diogu. Euskal herritik Palestinara.
Ozen aldarrikatu dugu ere jaiak ez direla soilik jaietarako gune bat: espazio seguruak izan behar dira. Horregatik, gertatutako jarrera nazkagarri oro gaitzetsi nahi dugu. Ez dugu inolako eraso matxista, arrazista, transfobo eta LGTBIfoborik onartzen. Ez badakizue egoten, ez etorri.
Besarkadarik beroena ere, gure herriagatik askatasuna eman zuten eta oraindik espetxeetan jarraitzen duten auzoko Liher eta Oskarri, baita haien senideei ere. Maite zaituztegu!
Eskerrik asko jaiak posible egin dituzuen guztiei. Urtean zehar ere lanean jarraituko dugu. Beraz, kalean ikusiko dugu elkar! GORA JAI HERRIKOIAK! GORA URIBARRI ETA MATIKOKO JAIAK!