Erribera-Zorrotzaurreko errealitatea

prestaldizkaria 2012ko aza. 26a, 09:51

30 auzokidetik gora bat eginda agertu dira hedabideetan Deustuko Erriberan eta Zorrotzaurren bizi duten tentsio egoera salatu eta irtenbideak eskatzeko. PREST! aldizkariari honako eskutitz hau helarazi diote.

Azken aldi honetan, sarritan, errealitatearekin zerikusirik ez duen irudi batekin agertzen da gure auzoa prentsan. Hemen, aspalditik gure artean bizi diren eta inolako arazorik sortu ez diguten auzokideak ditugu.

Egun hauetan aurpegi ezagunak ikusi ditugu egunkarietako argazkietan. Egoera “irregularrean” dauden auzokideak dira. Polizia Nazionalak, suhiltzaileek, udaltzainek eta Ertzaintzak (Guardia Zibila bakarrik falta da) hainbat sarekada egin dituzte beraien kontra, gizatasunik gabeko tratu anker eta bidegabea emanez. Sarekada horietan ez dituzte inola ere bereizten erasotzaileak eta bizimodua ateratzeko asmo bakarrarekin aspalditik beren herrialdeetatik etorri ziren pertsonak. Guztien kontra jotzen dute. Haietako asko atxilotu egin dituzte. Ez dakit horrek erasoak geldiarazteko balioko ote duen, baina, auzoko neska batek jasandako erasoaren albisteari lotuta, errealitatearen irudi desitxuratua ematen du.

Nire ustez, guztiok berdinak garela oinarritzat harturik, pertsona horiengana hurbiltzeko ahalegina egin beharko genuke, bost edo hamar pertsonak egiten dituzten erasoez eta auzoan sortzen ari diren beldurraz gogaituta gauden auzokide gisa. Nire ustez, ez legoke txarto batzar ireki bat deitzea eta bertara auzokide berri horiek ere gonbidatzea, auzoko partaide senti daitezen eta, besteak beste, egunen batean elkar babesteko aukera izan dezagun. Nik, dagoeneko, aurpegia jartzen diet haietako askori, eta dagoeneko ez zaizkit arrotzak.

Ahalegin berezia egin behar dugu gure auzoko jendeak uler dezan magrebtar guztiak ez direla erasotzaileak. Sarritan, auzoan daukagun arazo baten inguruan ematen dituzten albisteetan, komunikabideek arrazakeriaren edo pertsona horiek pobreziara eta marjinaziora kondenatzen dituen egoeraren konplize gisa agerrarazten gaituzte. Auzoari ikusarazi behar diogu ezin garela joko horretan erori.

Poliziaren esku-hartze horiek ez naute lasaiago ez seguruago sentiarazten. Aitzitik, errudunago eta tristeago sentiarazten naute, gero eta babesgabeagoa den kolektibo baten kontrako beste eraso bat eragoztea lortu ez dugulako.

Udalak min egiten diguten pertsonengandik babestu beharko gintuzke, bere jokabidea ondo neurtuz eta kriminalizazio kolektibo edo orokorrik egin gabe, horrek ez baitu ezer konpontzen eta kalte ugari sortzen baititu. Gure konpromisoa hori lortzea izan behar da.

 

Izaskun Bezold (eta Erriberako beste 32 auzokide)