Zorrotza auzoan “berebiziko aldaketa” ekarriko duen proiektuari ekingo dio Bilboko Udalak. Igogailu berri bi egingo ditu, Zorrotzako goiko aldea, Zazpilanda etxaldea, Zorrotzako erdigunearekin lotzeko.
Obra garrantzitsua da auzokoen bizimoduaren kalitatea hobetzeko. Obra eta Zerbitzuen Sailak ahalegina egin du igogailu berriak auzoko zenbait gunetara irits daitezen, betiere eraginkortasun energetikoko sistema berritzaileak aplikatuta; izan ere, goiko aldeko igogailuaren energia-kontsumoa une horretan barruan doan pertsona-kopuruaren araberakoa izango da.
Irisgarritasuna bermatuko duen ibilbidea hau izango da:
1. Zorrozgoitiko igogailua. Usandizaga Musikariaren kalea eta pasabidea lotuko ditu
Zorrozgoitiko igogailuak aldats handieneko arrapalaren aldea gaindituko du. Igogailuko goiko sarrera eta Zorrotzako pasabidea, A8 gainean dagoena, lotzeko beste pasabide bat egingo da, orain dagoenaren parean. Pasabide berriari elementu hauek eutsiko diote: mutur batean, igogailuaren guneak edo muinak berak eta beste muturrean, metalezko habeak, FEVEren trenbidearen eta A-8 autopistaren artean dagoen ezponda gainean jarriko den ormigoizko atari baten gainean jarriko dena. Igogailu hau egiteko, gutxi gorabehera, 600.000 euro beharko dira eta obrak uda aurretik hasiko dira, uztailean.
2. Bidegaineko igogailua. Zorrotzako pasabidea Bidegain etxaldeko beheko aldera doa
Hortik abiatuko da Zazpilanda auzoraino iritsiko den igogailu inklinatua; igogailu honek geralekua izango du bidearen erdian, Bidegain auzoan, auzo bietako irisgarritasuna bermatze aldera. Igogailu hau 34,4 kotatik 45,75 kotara doa, 11,35 metroko malda gainditu eta 78 metroko ibilbidea egiten du. Bidegain auzoko geralekua 48 metrora egingo da eta bertan bi aldeetara irekiko dira ateak. Igogailuak 25 pertsona garraia ditzake eta igo eta jaitsierak 98 segundo iraungo ditu. Azken igogailu hau diseinatzeko goi-mailako ingeniaritza behar izan da eta, konplexutasun handiko lana denez, milioi euroko kostua izango du, gutxi gorabehera, Laster argitaratuko dute igogailua egiteko lizitazioa. Konplexutasun handiko obra izango da eta Obra eta Zerbitzuen Sailak efizientzia energetikorako teknologia erabiliko du. Igogailuak Bidegain eta Zazpilanda auzoetan bizi diren 1.300 pertsona baino gehiagori emango die.
Elementu Mekanikoen Plan Berezia
Bilboko Udalak igogailu berri bi hauek ez eze, beste lau igogailu berri ere egingo ditu Bilbon. Horietako bat 8. Barrutian jarriko da, Basurtun, Basurtubekoa kalearen eta Bentazarrako pasabidearen artean. Laugarrena Iturribide kalean jarriko da, kale horretako 91. zenbakiaren eta Zabalbide kaleko 45. zenbakiaren artean eta bosgarrena Otxarkoaga auzoan eraikiko dute. Honez gain, Funikularreko plazan dagoen igogailua hobetzen ari da.
Igogailu horiek egitea Elementu Mekanikoen Plan Bereziaren barruan dago. Helburua da Bilboko auzoetako irisgarritasuna hobetzea eta auzoak eta erdigunea eta garraio publiko nagusiak lotzea.
Elementu mekanikoak Bilboko irisgarritasuna hobetzeko
Alderdi teknikotik bideragarria denean, Bilboko Udalak igogailuak aukeratzen ditu pertsona guztien irisgarritasuna, horien egoera edozein izanda ere, bermatzen duelako. Elementu mekanikoen Plan Berezia garatzeko, Obra eta Zerbitzuen Sailak irisgarritasunari buruzko plataformaren aholkularitza, beren-beregi horretarako eratu baitzen, eta talderik garrantzitsuenena ere izan du. Plataforma horretan hauek daude: Feekor, Gutxitasun Fisikoa edo/eta Organikoa duten Bizkaiko Pertsonak, Once, Hartu Emanak pertsona nagusien elkartea, entzuteko desgaitasuna duten pertsonen elkartea eta desgaitasun psikikoa duten pertsonen elkartea. Helburua da Bilboko Udalaren ardurapeko espazio, ekipamendu publiko, produktu eta zerbitzu guztiak herritar guztien eskura egon daitezen moldatzen joatea apurka-apurka.
Elementu mekanikoak (arrapalak, eskailera mekanikoak) eta, bereziki igogailuak, alderdi teknikotik bideragarriak direnean, herritarren mugikortasuna bermatzen dute, hau da, pertsona guztien irisgarritasuna.