"Denok egiten dugu lan Zorrotzaren alde"

uriola.eus 2014ko urr. 3a, 08:30

Zorrotzako jaien berezitasunen berri eman digute jai batzordeko Nereak eta Naiarak aurtengo jaien hondarrean eta, bidez batez, igandera bitartean izango diren ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu digute.

Orain artekoaren balantzea egiteko eskatu diegu Zorrotzako jai batzordeko lagunei. Izan ere, aurtengo jaietako zoriz egun atzean utzi dituzte dagoeneko. Balorazioa "oso ona da", laburbildu diote URIOLAri. "Jende askok" parte hartu du antolatutako ekitaldietan eta eguraldia ere "lagun" izan dute.

Ohi bezala, "tren-putxerek" erakarri zuen herritar gehien joan den igandean, baita Zorrotzatik kanpokoak ere, parkea betetzeraino. 100 putxeratik gora aurkeztu ziren lehiaketara. Berrikuntzaren bat ere izan da aurtengo egitarauan, zunba saioa, adibidez. "Kristoren giroa" sortu zen zunba tailerrean, eta umeek "primeran" pasa zuten.

Hiru egun baino ez dira falta jaiak amaitzeko, ekintzaz betetako egunak. Besteak beste, kontzertuak (Lur Jota, No Konforme eta Def Con Dos), kalejira musikatua eta marmitako txapelketa antolatu ditu jai batzordeak.

Berezitasunak

"Auzoko taldeak gara jai batzordea osatzen dugunak, pentsamentu ezberdina dugun arren, denok egiten dugu lan Zorrotzaren alde", dio Naiarak. Aniztasuna da, beraz, berezitasunetako bat Zorrotzako jai batzordean. Bada gehiago, merkatari eta tabernarien babesa. "Laguntza oso garrantzitsua" ematen diete jaiei. Nerearen esanetan, "jaietako partaide" dira.

Zailtasunak

Jaien prestaketa eta antolaketan Udalak ezarritako "trabei" aurre egin behar izaten die jai batzordeak. Trabak mota askotakoak dira. "Ekonomikoak, baimen kontuak eta azpiegitura gaiak". Horiek gainditzeko lan handia egiten du batzordeak. Esaterako, finantziazioa lortzeko Txinbotarrak konpartsan txanda egiten dute Aste Nagusian eta eskuratutako dirua azpiegitura baliabideetan inbertitzen dute.

zorrotza.org 

 

Egitaraua - ZORROTZAKO JAIAK 2014

Urriak 3, ostirala
- 18:00. Erloju kontrako proba (ume eta gaztetxoak/ Kid - junior).
- 18:30. Hirugihar-jana.
- 19:00. Berbapoteoa txalapartarekin Jai Batzordeko txosnatik.
- 22:00. `Artista sena´ koadrilentzat.
- 22:00. Kontzertuak: Maketa lehiaketako irabazlea, Lur Jota, No Konforme, Def Con Dos.

Urriak 4, larunbata
- 09:00. `Plazetaratu´ azoka agroekologikoa.
- 13:00. Kalejira txistu, alboka eta txalapartarekin (Txinbotarrak konpartsako musika tailerrak).
- 13:00. `Casting Cerrado´ Klown erakustaldia Pompom Antzerki Elkartearen eskutik.
- 17:30. Euskal dantza agerraldia Ibai - arte eta Ibarrakaldu taldeekin.
- 18:00. Sukaldari txikiak (umeak eta gaztetxoak/ Kid - junior).
- 18:00. Tortila eta entsalada lehiaketa; izen ematea Jai Batzordeko txosnan.
- 18:00. Kalejira auzoan zehar Txinbatukadarekin.
- 20:00. Kalejira Fabe De Fuka taldearekin.
- 21:00. Tortilla eta entsaladen aurkezpena.
- 21:30. Tortilla eta entsalada lehiaketaren sari banaketa.
- 21:45. Koadrilen afaria frontoian.
- 22:45. Koadrilen lehiaketaren sari banaketa.
- 23:00. Oxabi erromeria eta ondoren, Patrol Destroyers.

Urriak 5, igandea
- 11:00. Marmitako txapelketarako izen - ematea Jai Batzordeko txosnan.
- 12:00. Umeentzako parkea.
- 13:00. Erraldoien kalejira.
- 13:30. Marmitakoen aurkezpena.
- 14:00. Rias Baixaserako bidaiaren zozketa, Jai Batzordearen alde.
- 14:00.  Sari banaketa.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 17:00. Umeentzako parkea.
- 17:00. Mus txapelketa.
- 17:30. Kiroldegiko eta Azahara Elkarteko dantzak frontoian.
- 19:30. Bilbainadak Bilbao Mapa Mundi taldearen eskutik.
- 21:30. Traka eta jaien amaiera.