Hondakin arriskutsuen tratamendua eta ongarrien fabrikazioa da Sader lantegiak 2008tik Zorrotzan egiten duena; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren "baimenarekin". Eta Saderren lanak badu, bai, ondoriorik Zorrotzan bertan zein inguruko auzoetan. Besteak beste, usain gogorra, “pintura usaina, azetona edota lindano usaina izan dugu”; eztarriko narritadura edota zorabioak eragin dituela salatu dute auzokideek behin baino gehiagotan.
Gaur arte, hainbat izan dira enpresa itxi edo Zorrotzatik ateratzeko eskariak. Oraingoan, auzoko agerkaritik ohartarazi dutenez, "merkantzia estatu mailako hainbat lekutatik heltzen da, baita inguruko herrialdeetatik ere eta Zorrotzan erre egiten dute auzokideek ke hori irentsita".