'Gazta zati bat' dokumentalaren emanaldia eskainiko dute Zorrotzan

uriola.eus 2015ko urt. 22a, 08:45

Gaur, urtarrilak 22, 19:00etan, 'Gazta zati bat' dokumentala proiektatuko dute Zorrotzako Auzo Etxean. Ondoren, asanblada ireki bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

Ikuslea historiaren protagonista bihurtzen duen dokumentala da 'Gazta zati bat'. Dokumental hau Idiazabalgo Nazioen Mundua herri ekimenak aurrera eramandako ekimena da. Jon Maia bertsolariak zuzendutako lana da.

Gazta Zati Bat dokumentalak euskal gatazkaren gaia era berritzailean aurkeztuko du: gertakizun handien hurbileko begirada eskaintzen du, historia handia letra txikiarekin kontatzen du, gertutasunez, intimismoz, umorez… Giza faktorea azpimarratzen du eta historiaren eta albisteen kronika estereotipoetatik aldentzen da.

Historiaren making off-a da erakusten diguna. Denek ikusten dutena baino, ikusten ez dena erakutsiko digu: giza faktorea. Eta izen handien liluran erori gabe, herritar xumeengan jartzen ditu fokuak. Iragan gatazkatsua eta iluna atzean utzi eta aurrera begira era positiboan jartzen gaituen istorioa da 'Gazta zati bat'.