Zorrotz Morrotz euskarazko aldizkaria berpiztu dute

uriola.eus 2015ko mar. 9a, 16:42

Zorrotzako Euskal Txokoak argitaratutako Bilboko lehenengo auzo aldizkaria da Zorrotz Morrotz. Duela 20 urte lehen zenbakia argitara eman ostean, berpiztu du lantalde berri batek. Gaurtik aurrera formatu digitalean irakur daiteke, bihartik aurrera paperean. 

Zorrotz Morrotz aldizkaria irakurtzeko gogotsu bazaude bidali mezu elektroniko bat zmorrotz@gmail.com helbidera, eta asuntoaren eremuan "harpidetza" jarri. Horrela e-postan jasoko duzu pdf formatuan Zorrotz Morrotz aldizkariaren zenbaki berriena.

zorrotza.info eta zorrotza.org web atarietan ere online irakurtzeko aukera izango da, eta epe laburrean baita uriola.eus atarian ere.

#‎facebookera‬ ere eman du jauzia Zorrotz Morrotz aldizkariak. Orrialde honetan Zorrotza auzoaren inguruko informazioa eskuragai izango du 'atsedin dut' aukera sakatzen duenak.

 

750 ale

"Zorrotzako herri aldizkaria da, euskara hutsean argitaratzen dena, eta Bilboko herri aldizkaririk zaharrena, lehenengo zenbakia 1995ean argitaratu baitzen. Bertan, gure auzoko gaiak jorratzen dira batik-bat eta kulturaren bultzatze indartsua egiten da, batez ere euskal kulturari dagokionez. Zorrotza auzoan euskarak bere txokoa eduki dezan egiten dugu. Albisteak, erreportajeak, eta elkarrizketak beteko dituzte aldizkariaren orrialdeak.

Gehienetan euskara batuan idazten da, baina noizbehinka, artikuluren batean bizkaiera erabiltzen da. Hau bezalako aldizkaririk ez dago auzoan, ez erderaz ez euskaraz, eta aipatu dugun bezala, 31 zenbaki argitaratuta, 2015. honetan 20 urte beteko ditu Zorrotz Morrotzek.

Azkenengo urteetan, bolondres moduan egiten duen erredakzio taldean arazo asko izan dira eta horrek aldizkariaren funtzionamenduan eta maiztasunean eragina izan du. Egoera latza hau gainditu ondoren, ZM bihilabetekaria bihurtuko da. Honela, martxoan hasiko den etapa berri honetan, aldizkariak zeukan gabezia nagusiarekin bukatuko dugu: maiztasuna.

Aldizkaria inprentaren bidez egingo da. 20 orrialde izango ditu; horietatik bi (azala eta kontrazala) edo lau (azala, kontrazala eta hauen atzekaldeak, honako orrialdetako iragarleak koloretan iragarkia kontratatuz gero) kuatrikromian egingo dira. Beste orrialde guztiak kolor bakar batean inprimatuko dira DIN A-5 neurrian.

Aldizkaria dohainik da. 750 ale argitaratuko dira, eta auzoko zenbait tokitan egongo da eskuragai irakurleek hartzeko: Auzo Etxean, Liburutegian, Institutuan eta iragarkia jarriko duten saltoki eta taberna guztietan, nahi duenak dohainik har dezan. Honez gain, pdf formatuan bidaliko da mail bidez harpidetza eskatutako lagun berri orori eta aurretik buzoietara jasotzen zuten beste 500 inguru bazkideei. Harpidetza eskatzeko, kanpaina bat jarriko dugu martxan kalean etapa berri honetako lehen zenbakia kaleratu baino lehen.

Gainera, Auzo elkarteak eta zorrotza.info web atariarekin daukagun harreman estua baliatuz, haien webguneetan egongo da eskuragarri aldizkaria formatu digitalean nahi duenak irakurtzeko. Bilbo mailan, baita uriola.info web atarian ere.

Zorrotz Morrotz ekonomikoki sustatzeko, Bilboko Udalaren diru-laguntza izan dugu hogei urte hauetan. Hala ere, diru-laguntzak gero eta murritzagoak dira, eta erronka berri honi aurre egiteko, lehendabizikoz gure orrialdeetan iragarkiak argitaratzeko aukera eskaintzen dugu".

 

zorrotzaelkartea.wordpress.com