Clown festa Zorrotzan

uriola.eus 2015ko mai. 4a, 10:05

Argazkian Ganso & Cía taldearen ikuskizuna

Beste urte batez, Clow jaialdia Zorrotzara helduko da. VI. edizioak maiatzaren 7tik 9ra iraungo du eta Euskal Herriko zein Europa mailako clown ikuskizunetaz gozatzeko aukera egongo da.

Aurten bost konpainia ezagunek hartuko dute parte egitarauan: Euskal Herriko bik, Xanti Ledesma eta Ganso & Cía, Mathieu Moustache eta Monkey Style frantsesak eta Jessica Arpin clown suitzarrak.

Programazioa ostegunean hasiko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zorrotzako liburutegian Ez ikaratu ikuskizuna aurkeztuko duen Xanti Ledesma pailazoarekin. Lan hori antzerkiaren, clownaren, ipuinaren eta animazioaren arteko ikuskizuna da. Antzerki formatuan dagoen ipuina da, eta bertan hainbat pertsonaia agertuko dira, Scream, Drakula eta Pailazoa, beldurra eman beharrean barrea eragiten duen Drakulaz mozorrotutako pailazo traketsa. Ipuin-kontakizun ekitaldi berezi hori 5 urtetik gorako umeei dago zuzenduta, eta ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea, liburutegian bertan.

Inaugurazio jardunaldiari amaiera emateko, Zinebiklub saioa egongo da Zorrotzako Udaltegian, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ZINEBItik igaro diren umorezko film laburren erakusketarekin. Beste lan batzuen artean, jaialdiaren azken edizioan Euskal Film Labur hoberenaren saria jaso zuen Aitor Gutierrezen Anómalo lana eskainiko da.

Ostiralean, maiatzak 8, programak saio bikoitza jasoko du arratsaldeko 18:30ean eta 19:30ean, Azokako Parkean. Lehenengo ikuskizuna Ganso & Cia taldearen eskutik etorriko da, pistako pailazoen antzinako errutinen nostalgian eta miresmenean oinarritzen den Walkman ikuskizuna, joko eszeniko xumeak, oinarrizkoak eta eraginkorrak eskainiz. Ondoren, Jessica Arpin clown suitzarraren txanda etorriko da. Kalabazi clown, zirku eta poesia ikuskizuna da, eta neska atzerritar baten historia kontatzen du. Asko gustatzen zaio dagoen lekua, eta ahalegin guztiak egingo ditu bertan geratzeko. Bertan bizitzeko baimenaren epea agortu egin behar zaio eta, horregatik, ikus-entzuleen artean lehiaketa bat antolatuko du, bere senarra izan daitekeena aurkitzeko.

Clown Zorrotzaren aurtengo edizioa igandean, maiatzak 9, amaituko da, arratsaldeko 18:30ean hasiko den ikuskizunarekin, Azokako Parkean, baita ere. Frantziako konpainia bi arituko dira bertan: Mathieu Moustache eta Monkey Style. Moustacheren Dans tous ses états ikuskizunak absurduaren munduan sartzeko eta irudimenezko unibertsoa aurkitzeko aukera emango die ikus-entzuleei, adin guztiei zuzendutako ikuskizun ikusgarri eta dibertigarrian. Ondoren, globoen erabilerarekin eszena lantzeko era berria eskaintzen duen Monkey Styleren Babylloon lanaz gozatu ahal izango dugu. Lan horrek, gizakiak bere animalia aurkituko duen unibertsora eramango du ikus-entzulea, giro burleskoan.

Egitaraua

Maiatzak 7, osteguna

- 18:00. Xanti Ledesmak (Euskal Herria) Ez ikaratu ikuskizuna eskainiko du Zorrotzako liburutegian.

- 19:30. Zinebiklub, umorezko film laburrenerakusketa udaltegian.

Maiatzak 8, ostirala

- 18:30. Ganso & Cia (Euskal Herria. Walkman. Azoka parkean.

- 19:30. Jessica Arpin Suitzatik etorriko da Kabalasi emanaldiarekin. Azoka parkean.

Maiatzak 9, larunbata

- 18:30. Mathieu Moustachek (Frantzia) Dans tous ses états ikuskizuna eskainiko du Azoka parkean.

- 19:30. Monkey Stylek (Frantzia) ere Azoka parkean Babyllon saioa egingo du. 

 

+ info: www.bilbaokultura.net