Kaleko protestaldietan jasotako isunak ordaintzeko kontzertua

uriola.eus 2015ko api. 24a, 08:00

Indarrean sartu gabe dagoela, gizarte eragileek Mozal legearen -uztailaren 1ean sartuko da indarrean- eta protestaldiak isilarazteko ezarritako politiken ondorioak "sufritzen hasita" daudela aitortu dute. Besteak beste, eskubideen, prestazioen, etxe kaleratzeen edota xahubide-politiken murrizketak salatzen dituztenean.

Berri-Otxoa plataforma ez da salbuespena. Esparru publikoan, bai Lanbideren egoitzen aurrean bai  erakunde publikoen egoitzen aurrean burututako mobilizazioetan "etengabekoak izan dira" plataformako kideek jasotako isun, zigor, epaiketa, inputazio, salaketa eta leporatzeak.

Hain zuzen ere, erakundeek "krisi ekonomikoari irtenbidea eman ordez", murrizketen aurrean "hiritarren erantzuna jazartzen dutela" adierazi du Berri-Otxoak, bai Barakaldoko Udalak bai Eusko Jaurlaritzak. Bertako administrazioen erantzuna Espainiako gobernuaren erantzunarekin alderatu du plataformak: "Rajoyk antzera jokatu du Mozal legearekin".

Kontzertuak isunei aurre egiteko
Testuinguru honetan erabaki du Berri-Otxoa plataformak bertako hiru musika banden parte-hartzearekin kontzertua antolatzea Zorrotzako gaztetxean larunbatean, hilak 25. Kontzertuan eskuratzen den irabazia "ordaintzeko ditugun isunetara" bideratuko dute. La Kontra, Putakaska eta Penadas por la Ley taldeak dira larunbatean Zorrotzako gaztetxean zuzenean entzun ahalko direnak bost euroren truke.
 
Protestarako eskubidea
Gizarte eskubideak "kolpatuak" izan diren arren, Berri-Otxoak ez du etsiko egungo murrizketa-politikei erantzuteko gogoan. "Protestarako dugun eskubidea berresten dugu", diote taldekideek. "Hile amaierara iristeko zailtasunak daukazten lagunei, langabeei eta prekaritatean bizi direnei, egunero euren eskubideak urratzen dizkieten erakundeen aurrean eta kalean mobilizazioak eginez jarraituko dugu", desobedientzia zibilaren bidean, "murrizketen kontra eta justizia sozialaren alde".