Igogailu berri bati esker hurbilago daude Zorrotzako goialdea eta erdigunea

uriola.eus 2015ko eka. 26a, 13:07
Argazkia: Alberto Carvajal / zorrotza.org

Igogailu 'makurtuak' A8 autopista gaineko Zorrotzako oinezkoentzako zubia eta Zazpilanda auzoa lotuko ditu, tartean, Bidegain auzoan geralekua duela.

Igogailu berrian 13 lagun sartzen dira eta 10 metroko desnibela gaindituko du. Gainera, energia aurrezteko sistema dauka. Bertako 1.300 auzokoei zerbitzua eskainiko die.

Obra honetarako 720.000 euroko inbertsioa egin da eta Bilboko Udalaren Elementu Mekanikoen Plan Bereziaren barruan dago.

 

 

Igogailu honi azken lau urteetan planifikatutako beste sei gehitu behar zaizkio: bi igogailu bertikalek Basurtubekoa kalearen eta Bentazarrako oinezkoentzako zubiaren ekialdeko muturraren arteko desnibela gaindituko dute; Iturribide eta Zabalbide lotzen dituen igogailu makurtua maiatzean inauguratu zen; laugarren igogailua Otxarkoagan dago, osasun etxearen eta auzoko bihotzaren inguruneko irisgarritasuna hobetzen duten hiru arrapala mekanikorekin batera funtzionatzen dabilena; Funikularreko plazako igogailua Artxandako Funikularraren sarreran dago eta erabat berritu dute; eta, azkenik, gaur egun eraikitzen ari den Zorrozgoitiko igogailuak Usandizaga musikaria kalea eta A8ren gaineko zubia lotuko ditu.

Sei igogailuen eta hiru arrapalen gauzatze-lanak Elementu Mekanikoen Plan Berezian jasota daude. Aurrekontu osoa 3.720.000 eurokoa da. Bilboko auzoetarako irisgarritasuna hobetzea da bere xedea, horrela hiriaren gainerako lurraldeari eta garraiobide publiko nagusiei lotuta egoteko.

Azken honekin, Bilbok 19 igogailu ditu guztira. Irisgarritasuna lehentasunezko zeharkako ildoa da Bilboko Udalaren Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailaren jardueraren planifikazioan.