'Zorrotz Morrotz' aldizkaria URIOLAn ere irakurgai

uriola.eus 2015ko uzt. 2a, 09:00

Zorrotzako Euskal Txokoak argitaratutako Bilboko lehenengo auzo aldizkaria da 'Zorrotz Morrotz'. Duela 20 urte lehen zenbakia argitara eman ostean, joan den martxoan berpiztu zuen lantalde berri batek. Egun, formatu digitalean irakur daiteke, zein paperean. URIOLAren bitartez ere irakurri ahalko da aurrerantzean, hedabideen atalean duen espazio propioan.

Zorrotz Morrotz aldizkaria irakurtzeko hainbat aukera daude. Zorrotzako Euskal Txokoak erraztasun ugari eman nahi dizkie irakurleei doan, dauden lekuan egonda, aldizkaria irakurri zein deskargatzeko.

Mezu elektroniko bat zmorrotz@gmail.com helbidera bidaliz gero, eta asuntoaren eremuan "harpidetza" jarri. Horrela e-postan jasoko duzu pdf formatuan Zorrotz Morrotz aldizkariaren zenbaki berriena.

zorrotza.info eta zorrotza.org web atarietan ere online irakurtzeko aukera izango da, eta orain baita uriola.eus atarian ere.

#‎facebookera‬ ere eman du jauzia Zorrotz Morrotz aldizkariak. Orrialde horretan Zorrotza auzoaren inguruko informazioa eskuragai izango du 'atsedin dut' aukera sakatzen duenak.

20 urteko bidea

"Zorrotzako herri aldizkaria da, euskara hutsean argitaratzen dena, eta Bilboko herri aldizkaririk zaharrena, lehenengo zenbakia 1995ean argitaratu baitzen. Bertan, Zorrotza auzoko gaiak jorratzen dira batik-bat eta kulturaren bultzatze indartsua egiten da, batez ere euskal kulturari dagokionez. Zorrotza auzoan euskarak bere txokoa eduki dezan egiten du ahalegin hori aldizkariko lantaldeak. Albisteak, erreportajeak, eta elkarrizketak betetzen dituzte aldizkariaren orrialdeak.

Gehienetan euskara batuan idazten da, baina noizbehinka, artikuluren batean bizkaiera erabiltzen da. "Hau bezalako aldizkaririk ez dago auzoan, ez erderaz ez euskaraz, eta aipatu dugun bezala, 31 zenbaki argitaratuta, 2015 urte honetan 20 urte beteko ditu Zorrotz Morrotzek", aurreratu digute lantaldetik.

Azkenengo urteetan, bolondres moduan egiten duen erredakzio taldean arazo asko izan dira eta horrek aldizkariaren funtzionamenduan eta maiztasunean eragina izan du. Egoera latz hori gainditu ondoren, ZM bihilabetekaria bihurtu da. Honela, joan den martxoan hasi zen etapa berrian, aldizkariak zeukan gabezia nagusiarekin bukatu dute: maiztasuna.

Aldizkaria inprentaren bidez ateratzen da paperean. 20 orrialde ditu; horietatik bi (azala eta kontrazala) edo lau (azala, kontrazala eta hauen atzekaldeak, honako orrialdetako iragarleak koloretan iragarkia kontratatuz gero) kuatrikromian egiten dira. Beste orrialde guztiak kolore bakar batean inprimatzen dira DIN A-5 neurrian.

Aldizkaria dohainik da. 750 ale argitaratzen dira, eta auzoko zenbait tokitan daude eskuragai irakurleek hartzeko: Auzo Etxean, Liburutegian, Institutuan eta iragarkia jartzen duten saltoki eta taberna guztietan, nahi duenak dohainik har dezan.

Honez gain, pdf formatuan bidaltzen da mail bidez harpidetza eskatutako lagun berri orori eta aurretik buzoietara jasotzen zuten beste 500 inguru bazkideei. Harpidetza eskatzeko, kanpaina jarri zuten martxan kalean etapa berri honetako lehen zenbakia kaleratu baino lehen.

Auzo elkartearekin eta zorrotza.info web atariarekin aldizkariak daukan harreman estua baliatuz, haien webguneetan ere eskuragarri dago aldizkaria formatu digitalean nahi duenak irakurtzeko. Bilbo mailan, baita uriola.info web atarian ere.

Zorrotz Morrotz ekonomikoki sustatzeko, Bilboko Udalaren diru-laguntza izan du aldizkariak hogei urte hauetan. Hala ere, diru-laguntzak gero eta murritzagoak dira, eta erronka berri honi aurre egiteko, lehendabizikoz aldizkariko orrialdeetan iragarkiak argitaratzeko aukera eskaintzen dio lantaldeak nahi duen orori.

 

zorrotzaelkartea.wordpress.com

[2015-03-09] Zorrotz Morrotz euskarazko aldizkaria berpiztu dute