Elkarretaratzea deitu dute Zorrotzan ostiraleko erasoa salatzeko

uriola.eus 2015ko urr. 26a, 10:20

Ostiral goizaldean izan zen erasoa, Zorrotzako auzokideek "gune ilun" bezala izendatutako Hermogenes Roko kalean. Erasotzailea, lapurreta egin eta gero, emakumea bortxatzen ahalegindu zen, alboan dagoen anbulantzien aparkalekuko langileak bertaratu eta ekidin zuten arte.

Bere txakurrarekin paseoan zegoela eman zen erasoa, 06:00ak aldera. Zorrotza Bizirik auzoko taldeen koordinakundeak azaldu duenez, gizonak lapurreta egin eta emakumea bortxatzen ahalegindu zen. Honek aurre hartu zion eta erasotzaileak gogor jipoitu zuen.

Oihuak entzutean, alboko anbulantzien aparkalekuko langileak emakumea laguntzera hurbildu eta gizonak alde egin zuen. Emakumea Gurutzetara eraman zuten eta bertan, ospitaleak dagokion protokoloa martxan jarrita, Ertzaintzak salaketa jaso eta ikerketa abiatu zuen. 

Gaur arratsaldean, urriak 26, manifestazioa deitu dute 19:30ean, azken eraso hau gaitzesteko; martxa Azoka parketik abiatuko da eta Landa gunean izango du bukaera.