Zorrotza auzoko emakume baten aurkako erasoa joan den ostiral goizaldean izan zen, 06:00ak aldera, Landa gunea bezala ezagutzen den lekuan. 50 urteko emakumea bere txakurra paseatzera irten zenean. Zorrotza Bizirik auzoko taldeen koordinakundeak azaldutakoaren arabera, gizonak lapurreta egin eta emakumea bortxatzen ahalegindu zen. Honek aurre hartu zion eta erasotzaileak gogor jipoitu zuen.
Bilboko Udalak erasoaren kalea, 2011tik, "gutxienez", puntu beltz bezala identifikatua dauka. Orain dela bost urte egindako Hiri Debekatuaren, Mapan Renferen geltokia eta, zehazki, Hermogenes kalea gune beltz bezala identifikatu zituzten. Leku bi horietako segurtasun ezari "ez zaio irtenbiderik eman", EH Bildu koalizioko Alba Fatuartek adierazi duenez.
Erasoa gaitzesteko 2.000 bat auzotarrek astelehenean eginiko elkarretaratzean Zorrotzako elkarteen koordinadorak Udalaren esku-hartzea eskatu zuen erasoa gertatutako gunean. "Udalaren erantzun integrala", hain zuzen ere. Atzokoan, Aburto alkateak Landa gunean epe ertainean ez ezik epe laburrean ere Udalak neurriak hartuko dituela aurreratu zuen.
Radio Bilbaon eginiko adierazpenetan, EAJ eta EH Bilduko Nekane Alonso eta Aitziber Ibaibarriagak bat egin zuten hiriaren planifikazioan eta antolaketan "genero ikuspuntuaren falta" salatzerako orduan.
"Bi hiriren" kontzeptua aipatu zuen Goazen Bilbaoko Samir Ladhouk. Gizonen hiria, batetik, eta "mugatuagoa den" emakumeen hiria, bestetik.
Emakumea ospitalean eta gizona komisaldegian
Aurpegian zauri larriak dituela eta, litekeena da ospitalean egonaldi luzea egin behar izatea emakume erasotuak.
Bortxaketa saiakera leporatuta atxilotutako 37 urteko gizonezkoak, berriz, polizia-etxean jarraitzen zuen atzo arratsaldean, epailearenera noiz eramango zain.
[2015-10-27] Gizon bat atzeman dute Zorrotzako sexu erasoarekin lotuta
[2015-10-26] Elkarretaratzea deitu dute Zorrotzan ostiraleko erasoa salatzeko