Udalaren Surbisa sozietateak bultzatutako obrak berezko nortasuna duen auzoaren kohesio soziala bultzatu nahi du, eraberritze-lanak sustatuta teilatuen eta fatxaden isolamendu termikoarekin, etxeetako hezeduren arazoak konponduta eta eraikinetan igogailuak jarrita irisgarritasuna hobetuz, konponbide bakar eta integrala sustatuz.
Zorrotzan dago Zazpilanda etxaldea. 1954an Obra Sindical del Hogar delakoak sustatu zuen gizarte-izaeraz eta garai hartako eraikuntza-elementuak ditu. Gaur egun behar-beharrezkoa da gunea hobetzeko, esku-hartzea. 49 eraikin dira, 8 bloketan, 392 etxebizitza dituztenak eta 707 pertsona bizi dira bertan. Han ez dago dendarik.
Auzotarrekin otsailean parte hartzea bideratzeko prozesu bat abian jarri zen eta horren ondoren, Surbisak diagnostiko teknikoa egin du eraikinen artapen-egoera zein den, alde hartako erradiografia sozio-ekonomikoa zein den eta finantzazio-aukerak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko.
Jarduketa-eremuak
Eusko Jaurlaritzak duen Auzo Ahulen Inbentarioan dago, baita Bilbon Alde Lehenetsiak Berritzeko Surbisak duen Plan Estrategikoan ere. Eraberritzeko proiektuari esker, Zazpilandak auzo ahula izateari utz diezaioke.
Udalak konponbide bakarra eta integrala nahi du bloke guztietarako. Obrak ordaintzeko laguntza ekonomikoak ematea erabaki du; eta egoerarik ahulenean egon daitezkeen pertsonentzat laguntza horiek kostuaren % 90era hel daitezke. Gainera, aholkularitza-programa espezializatua jarri du abian, hiru jarduketa-eremu hauetarako:
• Oinarrizko eraberriketa: eraikinak segurtasun eta bizigarritasun baldintza onetan edukitzea.
• Irisgarritasuna: igogailuak jartzea solairu eta etxebizitza guztietara errazago iristeko.
• Isolamendu termikoa fatxadetan: hezetasunak kentzeko eta egoiliarren erosotasuna handiagoa izateko, baita butano eta gaseko fakturetan gutxiago ordaintzeko.
Bulego mugikorra, Zazpilandako auzokoei aholkuak eta laguntza emateko
Joan zen astetik eta azaro guztian zehar, Surbisak bulego bat jarri du Zazpilandan, bertatik bertara auzokoei arreta emateko, eskaerak eta iradokizunak jasotzeko eta aholku espezializatuak emateko.
Surbisak egiten duen lana hurbilduko die auzokoei bulego mugikorrak. Gainera, lanbide eta ekonomiaren ikuspuntutik laguntza eman diezaieke eraikinak eraberritzeko. Zazpilandan bizi diren pertsonak ezagutzeko bidea ere bada; eta zailtasunak, beharrak, eraberriketa-proposamen balorazioak eta iradokizunak jasotzeko modua ere bai. bian jarri zenetik, etxaldeko 17 eraikinetako 31 auzotarri eman diote arreta bulegoan.
Zazpilanda etxaldeko 24. zenbakiaren ondoan dago bulegoa. 10:00etatik 14:00etara dago zabalik, astelehenetik eguenera. Era berean, hala nahi dutenek badute Surbisaren bulego nagusira (Erronda, 6) joatea edo horrekin harremanetan jartzea 944 159 955 telefonoaren edo www.bilbao.net/surbisa udalaren webgunearen bidez.