Pilotalekuaren estaltze-obraz gain, erreforma osoa egingo dute Zorrotzan

uriola.eus 2016ko api. 11a, 10:17

Zorrotzako pilotalekua ez ezik frontoiaren inguruan dauden lokal soziokulturalak ere estaliko dituzte, Zorrotzako Taldeen Koordinadorak jakinarazi duenez. Obra urte amaieran gauzatuko du Bilboko Udalak. Koordinadorak Auzokide Planean aurkeztutako proposamena osotasunean beteko da horrela.

Auzokide Planaren baitan, 8. Barrutian egingo den pilotalekuaren estaltze-lanaz gainera, Koordinadorak erreforma osoa suposatzen duen proposamena aurkeztu zuen duela aste batzuk Udalaren aurrean. Euren hitzetan frontoiaren estaltze soilak “ez du elkarte soziokulturalek behar duten espazioaren falta betetzen”. Horrekin, proiektuari eskainitako aurrekontua igotzea beharrezkoa izanda, Udalak aurrera egin du diru gehiago eskainiz Zorrotzako obrari.

Azaldu bezala, lizitazio-prozesua hurrengo asteetan eramango da aurrera, uda bukaeran amaiera emanez. Obra, aldiz, datorren azaroan hasiko da. Sei hilabeteko iraupena izango du.