Saio bikoitza jasoko du gaur, hilak 6, Zorrotzako clown erakusketak, 18:30ean eta 19:30ean, Azokako Parkean. Lehenengo Trapu Zaharra taldea hurbilduko da, Maribel Salas eta Santi Ugalde antzezle ezagunek antzeztuko duten La Conga lanarekin. Ondoren, Dado clown kanadarraren, gaur egungo vodevileko antzezle hoberenetakotzat jotzen den artistaren txanda izango da. Oddball, mi tío el jorobado magiaz eta ezustez betetako ikuskizuna da. Musika asmakizun harrigarriak, baloi-petardoak, osagai bitxi asko, mimika eta keinu barregarriak… Energiaz betetako esperientzia ia surrealista.
Clown Zorrotzaren aurtengo edizioa larunbatean (maiatzak 7) amaituko da, 18:30ean hasiko den Ekoma Teatroren eta Kate&Pasiren ikuskizunarekin, Azokako Parkean, hau ere. Euskal konpainiak Wifi free aurkeztuko du, umorearen bitartez teknologia berrien erabilera desegokia aurkezten duen komedia, "zu, ni eta sarearen arteko erlazioen alderdi gizatiarrena eta absurdoena" erakutsiz. Kate&Pasi finlandiarrek, euren aldetik, Suhde lana ekarriko dute Bilbora. Gizon baten eta emakume baten arteko harremana da ikuskizun horren gai nagusia. Ikuskizunean, ahalegina egingo dute galdera hauei era komikoan erantzuteko: "Zelan da posible 50 kiloko emakume batek 100 kiloko gizon bat garaitzea? Zelan funtzionatzen du hain tamaina desberdinetako bi pertsonen arteko harremanak? Nor da zuzentzen duena eta nor jarraitzen duena? Zelan osatzen da harreman bat?". Galdera horiei erantzuteko zirkuko hainbat teknika erabiliko dituzte.
Egitaraua - Clown Zorrotza 2016
Maiatzak 6 ostirala
Azoka Parkea.
18:30 Trapu Zaharra La Conga (Euskadi)
19:30 Dado Oddball, mi tío el jorobado (Kanada)
Maiatzak 7 larunbata
Azoka Parkea.
18:30 Ekoma Teatro Wifi free (Euskadi)
19:30 Kate&Pasi Suhde (Finlandia)
+ info: www.bilbaokultura.eus / www.kulturabarrutik.eus