Plaka frankistak kendu ditu Gazte Komunistak erakundeak

uriola.eus 2016ko api. 19a, 11:00

Oroimen Historikoaren Legea "betetzen ez dela eta", Gazte Komunistak erakundeak plaka frankistak kentzeari ekin dio Bilbon.

Eskailera eta destornilladore bana hartuta Gazte Komunistak erakundeko hainbat lagun Bilboko auzoetan ibili dira oraindik orain hainbat lekutan dauden plaka frankistak erretiratzen. Besteak beste, Zorrotzako eta San Inazioko etxebizitzetako atarietatik kendu dituzte Frankismo garaiko Instituto Nacional de la Viviendaren ikurrak. Ikur horietan Falangeko uztarria eta geziak ageri dira.

"Altxamendu militarra eta diktadura frankista goratzen duten ikur, ezkutu, kale edota plakak" egun oraindik errealitate dira Bilbon. "Aberrazioa" gazte komunisten arabera: "Francoren heriotzetik hainbat hamarkada pasa ostean, gure kaleak sinbologia frankistarekin beteta daude, eta ez dago apenas erregimen frankistarekin bukatzeko borrokatu ziren eta bizia eman zuten herritarren aitortzarik".

"Hainbat plaka" geratzen direla salatu dute, besteak beste, Moyua plazako "arranoa". Horregatik, exijitu diote administrazio publikoei bai Bilbok Udalari, bai Bizkaiko Foru Aldundiari, bai Eusko Jaurlaritzari, bai Espainiako Gobernuari, Oroimen Historikoaren Legea "zorrotz" bete dezatela. Legea betetzen ez denez, gazteriak "ofentsibara" jotzea erabaki duela iragarri du Gazte Komunistak erakundeak.

@GazteKomunistak

www.gaztekomunistak.org