Maiatzaren 2tik isolamenduan dago Itziar Moreno presoa. Fresneseko kartzelan preso sozial eta politikoek funtzionarioei eginiko plantearen "bultzaitzaile eta ordezkari izateagatik", Morenoren hurbileko iturriek jakitera eman dutenez. 10 minutuko protestaldian guztira 40 bat emakume presok parte hartu zuten.
Plantean presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatu zituzten. Hala nola, higienea, biluztera behartzen dituzten miaketen amaiera, UVF bisitak, haurdun daudenentzat eta lanean aritzen diren presoentzat baldintza duinak eta funtzionarien presoekiko errespetuzko tratua.
Itziar Morenori ezarritako "neurrigabeko zigorra" salatu eta elkartasuna adierazi asmoz, emakumezko moduluko bi euskal preso, euren erabakiz, isolamenduan sartu ziren eta egun batzutara irtenarazi zituzten arren, joan den igandean berriro sartu zituzten. "Baina Itziarren isolamendua mugagabea da eta asko iraun dezakeela" adierazi dute.
Hori dela eta, Itziar Moreno presoa "isolamendutik atera arte", Fresneseko espetxean gizonezkoen moduluan dauden euskal presoek, tartean Saul Curto preso zorrotzarrak, "gose greba mugagabeari" ekitea erabaki dute gaur.
Itziar Morenoren lagun eta senideek Fresneseko espetxeko zuzendariari, Itziarren isolamenduaren etetea eskatuz, gutunak "masiboki" idazteko deia egin dute.