Zazpilandako 80 familia euren eraikinen zaharberritzean inplikatuko dira

uriola.eus 2016ko aza. 14a, 09:30

'Zazpilanda Barria' proiektua martxan jarri zutenetik urte bete igaro ostean, Zorrotzako Zazpilanda Taldeko eraikinak eraginkortasunez zaharberritzeko eta irisgarriak izateko programa, 80 familia -auzoko bosgarren zatia- euren etxebizitzen zaharberritzean inplikatu dira.

Auzoa osatzen duten 49 eraikinetatik, 3k helburua lortu dute, zaharberritu dira, 1ean obrak martxan daude eta 6 eraikinetan, aldiz, obrei hurrengo hilabetetan hasiera emango zaie.

Zazpilanda Taldeko 2., 4. eta 28. eraikinek dagozkien obrak amaitutzat eman dituzte eta 34. eraikinekoak bukatzear daude. Denek fatxadak eta estalkiak berritzen aritu dira, horrela, baldintza termikoak hobetu dituzte, fatxadetan zein teilatuetan isolamendu termikoa jarriz. Eraikin bakoitzeko inbertsioa batez beste, 75.000 euro ingurukoa da eta bertako herritarrek urtean batez beste 10.150 euro jasotzen dituzte.

Surbisak bultzatuta, proiektuak berezko identitatea duen auzo baten kohesio soziala laguntzea nahi du: zaharberritze-lanak sustatuz teilatuetan zein fatxadetan isolamendu termikoa izan dezaten; etxeen hezetasun-arazoak konponduz eta eraikinetan igogailuak jarriz irisgarritasuna hobetzeko. Azken finean, konponbide bateratua eta integrala egiteko. 2017ko amaieran, auzoko 80 familiak –guztiaren %20ak- zaharberritzeari buruz zituzten asmoak beteta ikusiko dituzte eta hezetasunari lotutako arazo bako eraikin seguruago eta eraginkorragoetan biziko dira.

Zorrotzako goialdean dagoen Zazpilanda taldea Obra Sindical del Hogar izeneko erakundeak 1954an proiektatutako eraikin-multzoa da. Gizarte-izaera dute eta eraikitzeko erabili zituzten materialak garai hartakoak dira. Hori dela eta, gaur egun hobetzeko asmoz horietan esku hartzea ezinbesteko bilakatu da. 49 eraikin dira, 8 bloketan banatuta eta, guztira, 392 etxebizitza dauzkate. Horietan, 707 lagun bizi dira eta ez dute merkataritzarako eremurik.

2015eko otsailean Surbisak parte-hartzeko prozesuari ekin zion auzokoekin eta bertako elkarteekin batera. Halaber, diagnostiko teknikoa egin zuten eraikinen mantentzeari buruzko benetako egoera zehazteko, inguruneko erradiografia sozio-ekonomikoa osatu zuten eta finantzatzeko aukerak zenbakitan zehaztu zituzten. Hurrengo une garrantzitsua duela urte bat heldu zen, arreta tekniko, juridiko eta finantzarioa eskaintzeko Surbisak bertara bulego mugikorra eraman zuen. 2016ko otsailean Eusko Jaurlaritzak emandako Birgaitze Area Integralaren (BAI) izendapena jasotakoan, SURBISAk obrak egiteko beharrezko prozesuaren jarraipena egin du zeregin horretan gehien aurreratu diren jabekide-erkidegoetarako diru-laguntzak tramitatzeko eta emateko.

Jarduera-eremuak konponbide integral, iraunkor eta eskuragarri baten bila

Eusko Jaurlaritzak duen Auzo Ahulen Inbentarioan eta Bilbon Lehenetsitako Eremuak Berritzeko Surbisaren Plan Estrategiko barruan dago. Horrela bada, Zazpilanda Taldeak "esku-hartzeko premia" duten auzoa izateari utz diezaioke berrikuntza proiektu honi esker.

Bilboko Udalaren helburua bloke guztientzako konponbide orokorra eta integrala bilatu nahi du. Horretarako, laguntza ekonomikoak eman ditu obrak ordaintzeko (egoera ahulenean dauden pertsonentzako laguntza horiek %90era arte irits daitezke). Baita hiru jarduera-eremuei aurre egiteko aholkularitza-programa bat ere:

• Oinarrizko berrikuntza: eraikinak segurtasun eta bizitzeko baldintza onenetan mantentzea.

• Eskuragarritasuna: solairu eta etxebizitza guztietara heltzen diren igogailuen instalazioa.

• Isolamendu termikoa fatxadetan: hezetasuna desagerrarazteko eta bertan bizi direnen erosotasunerako. Gainera, elektrizitate, butano eta gasaren fakturetan gutxiago ordainduko da.

Surbisa, hirigintzaren berrikuntza sustatzeko elkartea

Surbisa 1985ean sortu zen, 1983ko uholdeen ostean Zazpikaleak berritzeko xedez. Bilboko Udalak eratutako enpresa publikoa da, udalerriko etxebizitza-eraikinen berrikuntza eta Bilboko Berregokipenerako Hirigintza Elkartea sustatzeko asmoz.

1994an Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala barne hartuko ditu hirigintza arloko jardueran eta 2005etik aurrera, Udalak bere jarduera-eremua hurrengo auzoetara zabaldu du: Artazu Bekoa (Errekalde), Zorrotzaurre eta Otxarkoaga (2008), jarduteko lehentasuna duten auzoekin batera (esate baterako, Olabeaga, Irala eta Zazpilanda).

Surbisak diziplina anitza duten langilez osatutako taldearekin egiten du lan, hirigintzaren berrikuntza sustatzeko. Etxebizitza horietan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzen duen baliabidea da, teknika berrienen erabilpena sustatuz, obra eta ekonomia laguntzen baliabide bakar legez funtzionatzen du. Horrez gain, bizikidetzaren susperketan eta ahultasun-egoeran dauden pertsonengan jartzen du arreta gehien.

Horrela, auzo eta jatorrizko leku bakoitzean aurrez aurreko arreta izatea beharrezkoa da eta SURBISAren eremu berrietan ere, hori errepikatzen da. 1993an hasi zen Surbisaren San Frantzizko kaleko bulegoarekin. Beranduago, Zorrotzaurren bulegoa ezarriz, lehenengo egoitzazko eraikinen berrikuntza faseetan. Gaur egun, Otxarkoagan dago.