Zorrotzako udaltegiak doako zine saioak jasoko ditu maiatzean

uriola.eus 2017ko mai. 2a, 10:00

'Kultura Kalez Kale' programazioaren barruan, Zorrotzako Udaltegiak doako zine saioak jasoko ditu maiatzean, Zinebin, eta Fanten parte hartu duten film laburrak eskainiz. Zine eskaintzaren barruan, batez ere umeei zuzendutako bi film luze eta Zinebik ekoiztutako Larraitz Zuazoren Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren emanaldi berezia ere jasoko dira.

Zine Zorrotza programa, ostegun honetan abiatuko da, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Zinebitik igaro diren helduentzako umorezko film laburren aukeraketarekin. Emanaldi horretan Kepa Sojoren Hileta edo David Cuestaren Erregea lanak eskainiko dira, besteak beste. Maiatzaren 18an eta 25ean saioen generoa aldatu egingo da, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – Fanten azken edizioan parte hartu duten film labur hoberenen aukeraketa eskaintzeko. Horrez gain, programazioak lekua gorde du umeentzat, Lotte 2 Ilargiko harriak eta Oker film laburren emanaldiarekin.

Horrez gain, datorren ostegunean, maiatzaren 11n, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Zine Zorrotzak, Nosotras, mujeres de Euskalduna (2016) dokumentala eskainiko du. Dokumentala Larraitz Zuazo zuzendariak aurkeztuko du. Lanaren helburua, 1983 eta 1988 artean, garai hartan 2.500 langile baino gehiago zituen Euskalduna Ontziolen jarraipenaren defentsan borrokatu ziren emakumeen –bikotekide, emazte eta alaba– mobilizazioaren memoria berreraikitzea da.

65 minutuz, Zinebik ekoiztu duen eta ETBren eta UPV/EHUren laguntza ere baduen dokumentalak, desagertzen ari den Bilbo horren oroimenaren parte bat berreskuratu nahi du, eta oso modu berezian egin nahi du, alor horretan gehienetan zabaldu direnen desberdinak diren ikuspuntua eta narrazio ardatza proposatuz, 80ko hamarkadaren amaieran, lantegiaren eta lanpostuaren defentsan ari ziren langileen borrokarekin bat egin zuten emakumeena.

Saio guztiak Zorrotzako udaltegian izango dira, eta sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

 

+ info: www.bilbaokultura.eus / www.kulturabarrutik.eus