Su hartu zuen Zorrotzako eraikinaren etorkizuna erabakitzeke

uriola.eus 2017ko mai. 29a, 09:02

Sutean zauritu ziren bost pertsonak egoera larrian jarraitzen dute, hobera egin duten arren. Beste lauri sendagiria eman diote jada. Suhiltzaileek gaur ikuskatuko dute Zorrotzako Barinaga auzoko eraikina, zer egin erabakitzeko. 

Lau heriotz eta bederatzi zauritu eragin ditu Zorrotzako Landa guneko Barinaga kaleko eraikin zahar batean joan den larunbat goizean piztutako suak. Larriki zaurituetako bostek baino ez dute ospitalean jarraitzen. Azken orduetan hobera egin du euren egoerak, baina oso larria da oraindik batik bat Gurutzetako Erredura Handien Unitatean dauden bi lagunen osasun egoera. Erredurengatik eta bigarren solairutik salto egiterakoan hartutako kolpeengatik. Sutean hildako bikote eta umeen amama eta aitite dira. 

Gaur, berriro ere, suhiltzaileak Barinaga kaleko 7. zenbakira bertaratuko dira. Atzo eraikina gainetik miatu zuten eta zati bat eraitsita dagoela ziurtatu zuten. Gaur, azterketa sakonagoa egingo dute, besteak beste, suaren jatorria argitzeko eta eraikinaren etorkizuna erabakitzeko. Eraitsi edo ez. Esku artean duten hipotesi nagusiaren arabera, sua ganbaran piztu zen. 

Saminduta eta kezkatuta jarraitzen dute Barinagako auzotarrek larunbataz geroztik. Oro har etxeak zaharrak eta baldintza txarretan daudelako, su hartu zuen erakinaren antzera. Bizilagunek aitortu dutenez, harrezkero ez dute ondo lo egin ardura dela eta; "etxea jausiko zaien edota sua piztuko zaien" beldur dira. 

Bilboko Udalak publiko egin du Barinaga kaleko 7. zenbakiko eraikina "ez zegoela hondamendi-arriskuan". Hala eta guztiz ere, Bilboko Udalak "desjabetza errazteko" aldez aurreko tramiteak hasita zeuzkan.

Gizarte Ekintza, Herritarren Segurtasuna eta Hiri-Plangintzako Zinegotziek agerraldia eskainiko dute datozen egunotan, haiexek eskatuta, ezbehar larri honen harira.

 

Udalari kritikak

Zorrotzako elkarteek salatu dute Barinagan gertatuko tragedia "iragarritako kronika" zela. Ingurua utzita egon dela urteetan eta Udalak berak ez duela bete Osoko Bilkuretako batean gunea birgaitzeko hartutako konpromisoa.  

Bat datoz elkarteekin oposizioko EH Bildu, UdalBerri eta Goazen Bilbao udal taldeak. Komunikatu bateratu batean, salatu dute "azken 40 urteetan auzoko elkarteek bezala", Zorrotzako Landa gune hori "sozialki eta urbanistikoki degradatutako zonaldea" dela.

Azpimarratu dute legegintzaldi honen hasieran (2015eko urrian) EH Bildu, UdalBerri eta Goazen Bilbao udal taldeek, Zorrotzako Auzo Elkartearen eskariz, Udalbatzan zonalde hori berriztatzea proposatu zutela. Udal gobernuak, PPrekin batera, "zonaldearen Eraikitze Erregimena eta bertako desegituraketa soziala aztertzeko eta beharrezko neurriak hartzeko" konpromisoa hartu zuen. Baina "ez dute haien hitza bete". Oposizioko kideen esanetan, "zoritxarrez, aurreikusitako tragedia baten aurrean gaude. Beste behin ere argi geratu dira abiadura biko Bilbo bat egotearen ondorio latzak".