Urtebete pasa da Zorrotzan trenak harrapatuta bi adineko hil zirela. Gertaera latz haren ostean, Bilboko Udaleko Osoko Bilkurak adostu zuen Bilboko Udalak Adif enpresa publikoari helaraziko ziola Zorrotzan esku hartzeko premia. Udaleko ordezkarien "hitz politak" entzun zituzten orduan Zorrotzako Taldeen Koordinadorako lagunek, baina urtebetera hitz horiek auzoan aldaketarik ez dutela eragin nabarmendu dute. Hori dela eta, "etsituta" agertu dira.
Ez dute nahi trenbidea eta geltokia lurperatzeko aldarrikapena "ahazterik", eta horregatik, gaur, otsailak 7, kotxe karabana antolatu dute Zorrotzatik Udaletxaraino. "FEVEren geltokiko lurperaketa lortzeko egingo den hurrengo pausoa" da. 19:00etan abiatuko da karabana, autopistaren azpitik.
Otsaileko azken ostegunean, berriz, Bilboko Udaleko Osoko Bilkura batzartzen denean, Udaletxe aurrera eramango dute protestaldia.