'Zorrotz Morrotz' aldizkariaren 50. alea ospatzeko erakusketa

uriola.eus 2018ko ots. 20a, 10:53

1995eko irailean argitaratu zuen Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkarteak Zorrotz Morrotz aldizkariaren lehen alea. Lau orrialdeko argitalpena izan zen lehen hura, tinta bakar batean inprimatuta eta Zorrotzako postontzi guztietan banatu zen. 

Euskara auzoan bultzatzeko tresna gisa sortua, aldizkari egiturarik ez izatetik, gaur egun Zorrotzako proiektu komunikatiborik sendoena eta euskara hutsean  Bilbon bizirauten duen paperezko proiektu bakarrenetarikoa izatera pasatu da ZM. Bidea ez da erraza izan eta desagertzeko zorian egon da behin baino gehiagotan, baina zorionez, gaur egun 24 orrialdeko bihilabetekari bihurtuta, ZM finkatuta eta inoiz baino indartsuago dago.

Hasierako zailtasunak eta egindako bidea gogoratzeko asmoz, eta batez ere lehenengo ale haiek ezagutu ez zituztenek ikusteko aukera izan dezaten, orain arte argitaratutako ZM guztiak bilduko dituen erakusketa bat antolatu dute Auzoka Komunitate Zentroan (frontoi atzeko lokaletan) otsailaren 23tik martxoaren 28ra. Esan bezala, ale guztiak egongo dira irakurgai, eta erakusketara bertaratutako orok den-denak patxadaz hartu eta irakurtzeko aukera izango du.

Erakusketari hasiera emateko, aurkezpen ekitaldi bat ere antolatu dute otsailaren 23an. Bertan aldizkariko garai guztietako partaideen esku hartzea izango da. Animazioa ez da faltako eta lunch bat ere egongo da ekitaldiaren ostean hurbildutako guztientzat. 

 

Zorrotz Morrotz

Zorrotzako herri aldizkaria da Zorrotz Morrotz, euskara hutsean argitaratzen dena. Bertan, auzoko gaiak jorratzen dira batik bat eta kulturaren bultzatze indartsua egiten da, batez ere euskal kulturari dagokionez. "Zorrotzan euskarak bereari euts diezaion egiten badugu ere, hau bezalako aldizkaririk ez dago auzoan, ez erderaz ez euskaraz", dio Aitor Marin koordinatzaileak.

24 orrialde ditu aldizkariak eta bihilabetero argitaratzen da. Elkarrizketa da atal nagusia, eta elkarrizketatua agertu ohi da azalean. Albisteak, iritzi artikuluak, kultur kritika edota gomendioak, auzoko talderen bati buruzko erreportajea, eta kanpoan bizi den zorrotzarren baten zein Zorrotzara bizitzera etorritakoren baten elkarrizketaren atal finkoak ere izaten dira ZMn bihilabetero. 

Zenbaki bakoitzeko 700-750 ale argitaratzen dira, eta auzoko zenbait tokitan uzten dira irakurleek dohainik hartzeko: Auzo Etxean, Liburutegian, Institutuan eta iragarkia jartzen duten saltoki eta taberna guztietan. Honez gain, pdf formatuan bidaltzen zaie mail bidez 500dik gora harpideduni. Eta ez hori bakarrik, Twitter eta Facebook sare sozialetan profila eta hainbat lagun eta jarraitzaile ditugu. Euskarri horietan ere irakurgai dago Zorrotz Morrotz aldizkaria. URIOLAn ere irakur daiteke.