Zorrotzako Auzo Elkarteak elkarretaratzea egin du udaletxearen aurrean

uriola.eus 2018ko ots. 23a, 11:59

Udaletxearen aurrean egindako manifestazioaren argazkia
Zorrotzako hiritarrak udaletxearen aurrean manifestatu dira FEVEko trenbidea lurperatzeko eta geltokia auzoan geratzeko benetako konpromisoak eskatzeko. Urtebete igaro da Zorrotzako Auzo Elkartearen mozioa Bilboko Udalbatzak onartu zuenetik.

Zorrotzako Auzo Elkarteak Bilboko Udalbatzan mozio bat aurkeztu zuen. Bertan, FEVEko trenbidea lurperatzeko eta geltokia auzoan geratzeko benetako konpromisoa zetorren. Bilboko Udalbatzak mozioa onartu zuen eta auzotarren konpromezua bereganatu zuen.

Hori onartu zutenetik urte bat igaro da, eta oraindik ez da inolako aurrerapausorik eman. Egoera berdinean jarraitzen du dena, eta hori salatzeko Zorrotzako Auzo Elkarteak manifestazioa antolatu zuen atzo. Hau da irakurri zuten prentsa oharra:

Zorrotzako Auzo Elkartea:

Hemen gaude, Bilboko udaletxeko eskaileretan, urtebete igaro delako Zorrotzako Auzo Elkarteak, auzoaren izenean, Bilboko Udalbatza-aretoraino sartu ginenetik eta aho batez onartu zen mozioa aurkeztu genuenetik. 

Gogora dezagun Bilboko udal-talde politiko guztiek aintzat hartu zuten mozioa:

  1. Bilboko Udalak Zorrotzako biztanlegoarekiko duen zor historikoa aitortzen du.
    1. Udalak adierazten du FEVEko trenbidearen lurperatzea ahalik eta lasterren eskuratu behar dela eta lehentasunezko helburua dela.
    2. Bilboko Udalak Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin biltzeko konpromisioa hartzen du, beharrezkoak diren erabaki politiko, urbanistiko eta aurrekontuarekin lotutakoak hartzeko eta lanak hasteko egutegia ezartzeko.
    3. Azkenik, Bilboko Udalak engaiamendua hartzen du ere aipatutako helburua lortzeko emango diren aurrerapausuen informazioa unean-unean Auzo Elkarteari emateko.

Oso adierapen polita, benetan. Tamalez, urtebete igarota, begien bistan dago esaldi hutsez beteriko adierazpena zela. Zeren eta, guk dakigunez, bete den puntu bakarra ministroarekin bildu izana da. Izan ere, Iñigo de la Serna ministroa hemen egon zen udaren hasieran eta Aburto alkatearekin batera mintzaldi oso politak egin zituzten.

Esan asko, bai, baina egin, ezer ere ez. Dirudienez, urte honetan zehar, Bilboko Udala eta Ministerioa behin baino gehiagotan bildu dira gai honi buruz hitz egiteko, baina Udalak ez du bere hitza bete eta oraindik hemen gaude zor diguten informazioaren zain.

Hau guztia hala izan arren, Zorrotzako auzotarrok pazientzia handiko jendea gara eta urteak joan urteak etorri batuta jarraitzen dugu FEVEko geltokia lurperatzearen alde. Beraz, horregatik gaude gaur hemen, Bilboko Udalari eta Madrileko Ministerioari behin ete berriro Zorrotzako funtsezko aldarrikapenak gogorarazteko:

  1. TRENBIDEA        LURPERATZEKO        ETA      GELTOKIA       AUZOAN       MANTENTZEKO PROIEKTUA EGITEA
  2. DAGOKION AURREKONTU-SAILA ADOSTEA
  3. OBRAK ABIATZEKO EGUTEGIA ETA EPEAK EZARTZEA.

Hori lortu arte, urte osoan zehar egin dugun bezala, Auzo Elkarteak, auzoko taldeek eta Zorrotzako hiritarrok ez dugu amore emango. Aitzitik, Zorrotza hipotekatzen duten eta auzotarrak arriskuan jartzen dituzten tren-pasabideak ez kentzearen erantzuleak seinalatuko ditugu behin eta berriro; alegia, Bilboko Udala eta Madrileko Gobernua.