Zorrotzako tren geltokia lurperatzeko eskatuko dute

uriola.eus 2018ko mai. 7a, 10:15

Zorrotzako auzo elkarteek eta Zorrotzako taldeen koordinakundeek manifestazio berri bat antolatu dute asteazken honetan. Bertan, azkenengo urteetan egin duten bezala, tren geltokiaren lurperatzea exijituko dute.

Zorrotzako auzotarrak kalera irtengo dira beste behin beraien auzotik pasatzen diren trenbideak eta tren geltokia lurperatu dezatela eskatzeko. Asteazken honetan izango da, maiatzak 9, eta auzokide guztiak parte hartzera deitu dituzte. 

Izan ere, auzoak azken urteetan izan duen eskakizuna da hau. Hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin dituzte Udalera eskakizun hori eramateko. Azkenengoa udaletxeko eskaileretan bertan egin zuten. Horren ondorioz, Udaleko zinegotzia den Ricardo Barkalak Sustapen Ministroarekin hitzarmen batera heldu zela adierazi zuen, eta obrak ahal zuten arinen hasiko zirela aitortu zuen.

Adierazpen horiek otsailean egin zituen, eta auzotarrak argi azaldu dutenez, bi hilabete pasa dira eta hori da gaiari buruz Udalak esan duen azkena. Denbora honetan ez da ezer berririk jakin eta auzotarrek protestekin jarraitzea erabaki dute.

Beraz, manifestazioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, FEVEk auzoan duen geltokian. Handik irtengo dira eta ordu erdiko ibilbidea egingo dute Azoka parkera iritsi arte. Bertan, elkarretaratzea egingo dute eta ahal den auzotar gehien biltzeko deialdia zabaldu dute.