Auzo Elkarteak eta Zorrotzako taldeen Koordinakundeak antolatuta, auzotarrak berriro kalera irten dira FEVEko trenbide-pasaguneak lurperatu ditzatela eskatzeko. Lehenengo auzoko kaleetatik manifestazioa egin dute, FEVEko geltokitik abiatuta, protesta, Azoka parkean egindako elkarretaratze batekin bukatu dute.
500 persona inguruk parte hartu dute bai manifestazioan, bai elkarretaratzean. Gainera, manifestazioa iraun duen bitartean denda eta taberna askok ateak itxi dituzte beren elkartasuna adieraziz. Urte askoren ondoren Zorrotzako auzokideei hitzak ez zaizkie jadanik balio. Horregatik, gaur ekintzak eta benetako konpromisoak eskatu dizkiete Bilboko Udalari eta Sustapen Ministerioari amesgaizto honekin behingoz amaitzeko.
Izan ere, Udaleko zinegotzia den Ricardo Barkalak Sustapen Ministroarekin hitzarmen batera heldu zela adierazi zuen, eta obrak ahal zuten arinen hasiko zirela aitortu zuen. Adierazpen horiek otsailean egin zituen, baina egoera berdin jarraitzen du.
Atzoko irakurketan argitu zutenez: "Urtebete behar izandu Bilboko Udalak 2017ko Udalbatzan hartu zuen konpromisoa betetzeko. Otsailean, duela 3 hilabete, Ricardo Barkala zinegotzia Auzo Elkartearekin bildu zen eta esan zigun Alkateak eta Sustapen Ministroak martxoan sinatuko zutela Finantziazio Hitzarmen bat, zeinaren arabera trenbidea lurperatzeko eta geltoki berria eraikitzeko lanak bi erakundeek erdizka ordainduko zituzten."
Tarte honetan alkatea eta ministroa bildu dira, bai, baina ez Zorrotzako hitzarmena sinatzeko, baizik eta AHTren Abandoko sarrerarena sinatzeko. Beraz, auzokideak suminduta agertu ziren atzoko deialdian: "Ez dezatela pentsatu Zorrotzako jendea FEVEko lurperatzeaz ahaztuko dela hainbeste urteren ondoren are irmoago jarraitzeko prest gaude eta".
Mobilizazio gehiago egingo dituztela adierazi dute eta FEVEko trenbide-pasaguneak lurperatu edo kendu arte protestekin jarraituko dute.