Zorrotzako Muturreko erakargarritasuna handitzeko lanak

uriola.eus 2022ko api. 26a, 11:41
Lanen aurreikuspenaren 3D irudia (Argazkia: Bilboko Udala)

Auzoko erabilerarik gabeko espazioak berreskuratuko ditu Udalak. Bidegorria luzatzea, Done Mikel plazan kantxa bi eta pumptrack pista bat eraikitzea, egoteko eremuak egitea eta aparkaleku eza arintzea aurreikusten da zazpi hilabeteko epean. 1.276.901,47 euroko aurrekontua izango du.

Zirgariak Kaiaren, Artsenalbidearen eta Archer Marinelaren kalearen arteko eremuan lanak hasi ditu Bilboko Udalak. Auzoari irudi berri bat emateko helburuarekin hainbat aldaketa egingo dira. Aire zabaleko jarduerak sustatzen dituzten kirol-elementuak, egoteko lekuak, eta ibilbide seguru, irisgarri eta argiztatuak egingo dira.

Lehenik eta behin, Artsenalbidea eta Erriberako parkea lotzen dituen lurpeko pasabide kendu eta argiztatuko da inguruan segurtasuna handitzeko. Eremu horretan bidegorri bat egingo da Erriberako parketik datorrenarekin lotzeko. Bestalde, egoteko eta harremanak egiteko espazioak eta ibilbide irisgarriak sortuko dira eta auzotarrek erabiltzeko aparkaleku mailakatua eraikiko da.

Kirolak garrantzia handia hartuko du Zorrotzan egiten ari diren obretan. Jarduketa-esparruak lau eremu ezberdin izango ditu. Inguruko eraikinak eraistetik sortutako orubeak aparkalekua eta pump tracka egiteko erabiliko dira. Bertatik hurbil, Done Mikel plazako kirol-pista birgaituko da. Kirol anitzeko kantxa bat egingo da saskibaloian eta futbolean jokatzeko balioko dutenak eta neurri txikiagoko beste bat saski batekin. 

Artsenalbidea eta Erriberako parkea lehen azaldu bezala lotuko dira, lurrazpiko pasabidea kenduta eta jarduketa-eremua oztopatzen duten elementuak kenduko dira, hala nola seinaleak, barandak, itxiturak, mutiloiak... Kirol- eta aisialdi-guneak lotzeko trenbide zaharrak kenduko dira eta bidegorriaren luzapenak kaltetutako berdegunea berriz atonduko da.

Estatuko osatuenetakoa

Eremuan egingo diren aldaketen artean Pump-tracka nabarmendu du Udalak. Bizikletekin, patineteekin eta abarrekin erabiltzeko eremu hau, hainbat oztopo, bihurgune, jauzi eta sakangune dituen asfaltatutako zirkuitu itxi bat da. Hiru gunetan banatuko da, zailtasun-maila desberdinekin eta haien artean lotzeko aukera ematen du eta horregatik Estatuko onenetarikoa izango da. Lehendik dagoen zoruaren gainean eraikiko da eta honen eta kirol-kantxetarako sarbideen ondoan bizikleta-aparkalekuak jarriko dira.