Txinbo parkea inauguratu zuen atzo Juan Mari Aburto alkateak. Zorrotzako kiroldegiaren ondoan, Clara Campoamor eta Renferen trenbidearen artean 14.000m2 eremua ireki dute. Umeentzako parkea, gazte eta nagusiagoek kirola egiteko eremua eta berdegune handia egin dute 2018an urbanizatutako eremuan.
Txinbo izena jarri diote eremu horretan antzina egon zen hezegunean, kanaberadi batean mota horretako txori asko ikusi ahal zirelako; gaur egun oraindik gutxi batzuk ikusi daitezke. Bestalde, Xaboi Chimbo marka famatuak animalia horretatik hartu zuen izena eta duela urte batzuk, parkearen inguruan xaboi hura fabrikatzen zen. Izendapen honekin Bilboko kale izendegiak, 920 izen dauzka gaur egun.
Izena parte-hartze prozesu baten bitartez atera dute aurrera Aburtok azaldu duen moduan: "Auzotarrek euren ideiak eta proposamenak eman dizkigute jakitera, eurek atseginen dituztenak, eurak ondoen eta gehien ordezkatzen dituztenak". Txinbo izenak auzoarentzat duen kutsu berezia gaineratu du alkateak: "Txinboek beti izan dute lotura bilbotarrekin, eta bereziki Zorrotza auzoarekin, eta hango auzotarrek maitasun berezi bat diete hegazti horiei".
Aburtorekin batera Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako, Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia, udal korporazioko ordezkariak eta Barrutiko Batzordeko kideak, izen berria hautatzeko prozesuan parte hartutakoak egon dira aurkezpenean.