Zorrotzako trenbidea lurperatzeko prozesua azkartzea eskatu du EH Bilduk, Jone Goirizelaia alderdi horretako udal taldeko bozeramailearen ustez "premiazko, lehentasunezkoa eta ezinbestekoa" baita. 2021eko uztailaren 14an, Gobernu zentralak eta Bilboko Udalak sinatutako akordioaren arabera 2022an eraikuntza-proiektua lizitatu ahalko zen baina Goirizelaiak salatu duenaren arabera "ekaina da eta oraindik ez dugu berririk. Zorrotzako bizilagunek ezin dute gehiago itxaron".
Konponbide baten bila EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du ekainean eztabaidatzeko. Horren bitartez Udalari eskatu nahi dio ADIFi eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministerioari eska diezaien Zorrotzan trenbidea lurperatzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa ahalik eta gehien arindu dezatela, lizitazioa 2022ko amaieran gauzatu dadin. Bizilagunen aldarrikapen historiko hau, trenbideak dakarren arriskuagatik egiten da batez ere. 21 pertsona hil dira horretan eta gainera Fray Juan ikastetxera joateko, ikasleek nahitaez zeharkatu behar dute trenbidea, adingabeentzat dakarren arriskuarekin.
“Zorrotzako bizilagunek lurperatzeko lanak lehenbailehen hastea eskatzen ari dira, asko baitira bete ez diren promesak. Egoera horretan, Udala ezin da Ministerioaren zain egon, baizik eta prozesuaren buru izan behar du”, aldarrikatu du Goirizelaiak. Emandako prentsaurrekoan Bruno Zubizarreta eta Raul Mendez EH Bilduko zinegotzia eta batzarkideak hurrenez hurren, eta auzokideak egon dira.
Auzo elkarteek eta alderdi subiranistak hainbat alditan eta hainbat erakundetan obra hau egitea eskatu badute ere, trenbidea lurperatu gabe jarraitzen du. 2019an sinatu zuten akordio bat Udalak eta Gobernu zentralak, baina ezerezean geratu zen. 2021ean ADIF eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin sinatu zuen hitzarmena udalak.
Horren arabera 2022rako Ministerioak egiten duen informazio- azterlana eginda egongo zen, eta, ondoren, jendaurrean jartzeko aldia irekiko zen, ostean ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko. Eraikuntza-proiektua 2022an lizitatu ahal izango zela aurreikusten zen 2023an obrak lizitatu ahal izateko. Baina udal gobernuak txostena oraindik jaso ez duenez EH Bilduk, eskatu nahi du "Bilboko Udala sustatu eta eragile aktibo izatea".