Bilboko lehen pumptracka inauguratu dute Zorrotzako Muturrean

uriola.eus 2023ko urt. 17a, 14:25
Argazkia: Bilboko Udala

Zirgaria Kaiaren, Artsenalbidearen eta Archer Marinelaren kalearen arteko eremuan 8 hilabetez egin diren leheneratzeko lanek gaur izan dute amaiera. Beste helburu batzuen artean, Udalak aire zabaleko jarduerak aurrera eraman ahal izateko baliabideak bildu ditu: kirol-elementu desberdinak eta egoteko leku berriak. Zehazki, Done Mikel plazako kirol pistan kantxa bi jartzeaz gain, pumptrack pista bat jarri dute zailtasun-maila ugarirekin.

Juan Mari Aburto alkateak adierazi duenez, leheneratze prozesua Zorrotzako Muturreko estrategiaren parte da. Hain zuzen ere, erabilpenik gabeko espazioen berreskuratzea, segurtasuna bermatzea eta bidegorri sarea areagotzea daude helburuen artean. Izan ere, horregatik, leheneratutako eremutik Erriberako parkerainoko tartea bidegorriz lotu dute.

Kirol berri batentzako tartea

Pumptracka BMX kirol jardunean jatorri duen kirol mota bat da, bizikletarekin edo skatearekin zeharkatu beharreko zirkuitu txiki batean gauzatzen dena. Australian eta Estatu Batuetan 2000. hamarkadan jatorria izanik, pixkanaka hedapen prozesu bat bizi izan du gaurko egunerarte. Kirol honen gakoa pedalak ezin erabiltzean datza; hau da, parte-hartzaileak egindako jauzien bitartez eta bere abileziaz lortutako inertziaz mugitu beharko da ibilibidean zehar.

Kirol-Gune berriaren ezaugarriak

Kirol honen xarma bizikletarekin edo skatearekin egin ahal diren jauzi eta mugimenduetan oinarritzen denez, zailtasun mailaren arabera sailkatutako guneak bereiziz eraiki da pista; nahi izanez gero, hiru guneak elkartu daitezke erabilera optimizatzeko. Hasierako eremuak, 56 metroko ibilbidea du eta skatepark batek eskaintzen dituen antzeko baliabideak ditu. Maila ertaineko ibilbidea, aldiz, 140 metrokoa izateaz gain, saltatzeko zortzi oztopoz eta zazpi bihurgunez osatuta dago. Azkenik, maila aurreratuak 50 metroko ibilbidea du eta kirolari trebatuenenentzat diseinatutako jauziz beteta dago.

Amaitzeko, aipatu beharra dago, Pumptrackeko pistarekin batera, kirol anitzetara bideratuta dauden bi kirol-pista berri eraiki direla. Horretaz gain, kirol-guneen sarbideetan altzairu herdoilgaitzezko bizikleta-aparkalekuak jarri dituzte.