- Denbora luze daramazue borroka honekin. Baina, zeintzuk dira, zehazki, zuen eskaerak? Noiz hasi zineten aldarrikapen honekin?
Sinpleki, gure aldarrikapen nagusia honakoa da: bi enpresa hauek ezin dira hirigunean egon. Dena den, argi eta garbi utzi nahi dugu ez dugula lanpostu bakar bat ere galtzerik nahi. Era horretan, enpresa hauen jarduna garrantzitsutzat hartzen dugu, baina gure ustez ezin dute hirigunean jarraitu; hain zuzen ere, gure bizi-kalitatean duten eragina nabarmena delako.
Enpresen izena aldatzen joan da urteak pasa ahala. Esaterako, biek duela 7-9 urtera arte enpresa bera osatzen zuten (Sader) eta hori baino lehen, Industrias Químicas Canarias. Horien jardunarekin batera, auzoko eragile desberdinek euren egoitza Zorrotzan ezartzearen aurkako mobilizazioak antolatzen daramagu 20 urtetik gora. Hala ere, lehendabiziko aldarrikapenak egiten hasi ginenetik gure helburua berdina izan da.
- Zer nolako jarraipena du mugimenduak auzoan?
Auzo Elkarteaz gain, auzoko beste zenbait eragilek bat egin dute gure aldarrikapenekin eta horretarako “Sader-Profersa KANPORA” plataforma sortu dugu. Dena den, onartu beharra daukagu auzoan ere badaudela gurekin bat egiten ez duten pertsonak. Hain zuzen ere, testuingurua behar bezala ulertzeko kontuan hartu beharra dago lantoki hauetan ehun langiletik gora daudela, gehienak auzokoak izanik. Gainera, lantokiak Zorrotzan dauden heinean, horrek auzoko zenbait herritarrentzako diru-jatorri nabarmena suposatu dezake. Bestalde, bi enpresak betidanik kezkatu izan dira auzoarekiko lotura mantentzen, auzoko futbol taldeari dirua emanez, adibidez.
Hortaz gain, azkenaldian, enpresa hauen eraginak jasaten dituzten Bilboko beste auzo batzuetako bizilagun eta eragile batzuekin biltzen ari gara, gure aldarrikapenekin bat egin dezaten.
“Enpresa hauen eraginak jasaten dituzten Bilboko beste auzo batzuetako bizilagun eta eragile batzuekin biltzen ari gara”
- Udaletxea enpresekin hitz egiten ari da lekualdatze prozesua arintzeko. Zuekin harremanetan jarri da zuen ikuspuntua jakiteko?
Bai. Udalak argi dauka zein den gure aldarrikapena. Izan ere, behin baino gehiagotan elkartu gara Bilboko alkatearekin, Udaleko hainbat zinegotziekin zein oposizioko alderdi desberdinetako ordezkariekin.
- Horren harira, ba al daukazue inongo kexarik instituzioengandik jaso duzuen tratuarekiko?
Orain dela zenbait urte, Aburto alkateak esan zuen hitzarmen bat sinatuko zuela Sader eta Profersarekin eta 2018rako Zorrotzatik kanpo egongo zirela. Egun, ordea, nahiz eta hitzarmen hori sinatuta egon, argi eta garbi ikus daiteke egoera horretatik urrun gaudela. Egoera honen arazo nagusia zera da: ez dute Zorrotzako muturraren plan berezia sinatu eta horren menpe gaude. Elementu honen garrantzia ulertzeko, nahitaezkoa da kontuan hartzea behin urbanizazio plana sinatzen den momentotik, enpresa hauek 2 urteko epean joan beharko dira Zorrotzatik.
Zentzu horretan, aipagarria da ADIFek Zorrotzako muturreko plan bereziarekiko jarritako alegazioa. Halaber, Sader eta Profersa urbanizazio plan horretatik kanpo daude, baina oraindik sinatu gabe dagoenez, ez dute joateko lekualdatze horri ekiteko denbora tarte zehatzik. Hala, arazoaren gakoa trenbidearen lurperapena da eta horretarako bi alderdiak (ADIF-ek eta erakundeak) lur horiekiko jabetzaren inguruan ari dira eztabaidan.
“Arazoaren gakoa trenbidearen lurperapena da eta horretarako bi alderdiak (ADIF-ek eta erakundeak) lur horiekiko jabetzaren inguruan ari dira eztabaidan”
- Behin baino gehiagotan aipatu duzue gisa honetako enpresak ez direla bateragarriak hiri bateko bizimoduarekin. Enpresek, bere aldetik, euren jardunak sor ditzakeen eragozpenak eta kutsadura horrenbestekoak ez direla diote. Zein da horren inguruan egiten duzuen irakurketa?
Gure eragileko kideek behin baino gehiagotan bisitatu dituzte lantegiak. Onartu beharra dago enpresak beti egon direla prest Zorrotzako auzokideei euren instalazioak erakusteko. Alabaina, bi enpresa hauek osatzen duten Agaleus enpresak beti onartu izan du euren jardunak eragozpena sor ditzakeela; hala eta guztiz ere, ez du inoiz onartu haien jardunak sortutako kutsadurak inguruan bizi direnen bizi-kalitatea baldintza dezakeenik. Guk, ordea, egunero soma ditzakegu enpresen kutsaduraren ondorioak: eztarrian sortzen duen mina, begietan azkura eta abar.
“Egunero soma ditzakegu enpresen kutsaduraren ondorioak”
Haiek ere, behin baino gehiagotan, beraien joateko intentzioa adierazi dute. Bereziki, enpresek itsasotik edo erreka batetik hurbil egon nahi dute. Horretarako, beste zenbait lekutara mugitzen saiatu dira, baina oraindik ez dute aproposa deritzoten tokirik aurkitu.
- Hortaz, Zorrotzatik mugitzea gatazkaren bi aldeek duten helburua bada, zein da bien arteko diferentzia edo desadostuna?
Lehenik eta behin, argi dago haiek indemnizazio handia jaso nahi dutela joan aurretik. Eta horretaz gain, leku-aldaketa gauzatzeko beste hiri bat aukeratzeko orduan, dagoeneko azpiegitura industrial bat duen toki bat nahi dute. Gaur egun, esaterako, Zorrotzako fabriketan ezin dute berrikuntza handirik egin aipatutako urbanizazio planetik kanpo baitaude.
Beraz, gure arteko diferentzia bi puntutan oinarrituko litzateke: alde batetik, ez dugu ikuspegi berdina enpresen jardueraren eraginaren inguruan; eta beste aldetik, uste dugu bi enpresek ez dutela behar besteko gogorik jartzen Zorrotzatik joateko.
Gainera, arazoa ez da bakarrik Zorrotzarena. Inguruko beste zenbait auzoetan ere eragina duen fenomenoa da: Elorrietan, Olabeagan…
“Arazoa ez da bakarrik Zorrotzarena. Inguruko beste zenbait auzoetan ere eragina du”
- Hori guztiaren harira, enpresek “manipulazio populista” bat existitzen dela aipatu dute eta ez daudela edozein itxiera adosteko prest. Zer pentsatzen duzue horren inguruan?
Orain dela pare bat aste, langileak atera ziren pankarta batekin eta oposizioko zenbait alderdiri jarrera “populista” izatea leporatu zieten. Izan ere, otsailean, Elkarrekin Podemosek mozio bat aurkeztu zuen leku-aldaketaren defentsa aldarrikatzen. Udaleko gobernuak eta PPk, ostera, ez diote leku-aldaketa horri eperik jarri nahi, nahiz eta beharrezkoa dela onartu; hala, legediaren eta prozedimenduen betetzeko beharrean jartzen dute fokoa.
Azken osoko bilkuran adierazi zutenez, hurrengo agintaldiaren amaierarako joanda egongo dira. Hori da azkenaldian Udalaren aldetik jaso dugun data-zehaztapen bakarra. Gurekin egindako bilera guztietan, aldiz, ez dute data zehatzik eman.
- Momentu honetan, zer eskatzen diezue erakundeei? Horiek lortzeko esperantzaz zaudete?
Desesperantza puntu bat dago horren inguruan. Azken finean, kontuan hartu beharra dago Alkateak bi enpresak 2018an joango zirela esan zuela, eta gure ingurura begiratu beharrik baino ez daukagu enpresak toki berean jarraitzen dutela ikusteko. Beraz, logikoki, aurrekari horrek mesfidantza apur bat sortzen digu.
Geure aldetik, argi daukagu gure aldarrikapenekin segituko dugula, 15 urte baino gehiago daramatzagulako helburu berdinarekin. Ibilbide luze horren ondoren, gure borroka fede kontu bihurtu da. Hau da, sinesten duzu edo ez duzu sinesten.
“Ibilbide luze horren ondoren, gure borroka fede kontu bihurtu da”
Udalari helarazi nahiko genion mezua honakoa da: saiatu legealdia betearazten eta bi enpresa hauei gauzak errezegi ez jartzen. Azken hilabeteetan, Saderrek eta Profersak kaiako eremua erabili dute; orain dela bi urte inguru Udalak erosi zuena, alegia. Bada, biek eremu horren tarte bat erabiltzeko baimena duten arren, zegokiena baino lur eremu handiagoa erabili dute. Preseski, hau izan da guk Udalari leporatu dioguna: enpresa hauek jabetza publikokoak diren lur-eremuak erabiltzen ari dira, onartu zaien baimena gaindituz.
Horrekin lotuta, berriki, Asier Abaunza zinegotziarekin elkartu ginen eta gertakari honen berri eman genion. Bilera horretan, enpresekin harremanetan jarriko zela adierazi zigun; hala ere, guk egoera honen ondorioak zeintzuk izango diren jakin nahi dugu.
- Bestalde, Sader eta Profersarenak ez dira Zorrotzako inguruan jomugan dauden erakin bakarrak, ezta? Zein da zuen iritzia “Molinos Vascos” erakinaren auzian?
Lehenik eta behin, zentzu horretan garrantzitsua da azpimarratzea eraikinaren arduradunak ez dituela egokitze lanak bete. Edozein kasutan, Bizkaiko Foru Aldundia alderdi subsidiarioa da eta ez du lekukoa hartu.
Gure aldetik, oso kezkatuta gaude eraikinaren egoeraz. Momentu honetan, eraikinari lehioak falta zaizkio eta badirudi edozein momentutan erori daitekeela. Gure kezka ez dago bakarrik segurtasunarekin lotuta, baizik eta baita gure auzoko ondare kulturala babestearekin ere. Izan ere, eraikina 2009an euskal industriaren ondare izendatu zuten.
“Gure kezka ez dago bakarrik segurtasunarekin lotuta, baizik eta baita gure auzoko ondare kulturala babestearekin ere”
Urteetan zehar, Aldundiak jabeari egokitze-plana aurkezteko hainbat epe jarri dizkio. Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin batera eraikin honen babes-lanean dihardugu. Zentzu horretan, ez dugu inoiz eraikinarekin zer egin behar den proposatu nahi izan, baina inportantea iruditzen zaigu babes hori aldarrikatzeaz gain, azkenik eraikinak erabilera publiko bat izan dezala.