Kea hirigunetik kanpo

uriola.eus 2024ko api. 29a, 15:30

Argazkia: Profestan gertatutako erreakzio kimikoak sortutako keak kezka sortu zuen ostiralean

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Sader eta Profersa lantegiak hirigunetik kanpo lekualdatzeko manifestazioa deitu du ostegunean.

Pasa den ostiralean, hilak 26, Zorrotzako auzoan altxatu zen ke-laino trinkoak alarmak piztu zituen auzokideen artean; Profersa enpresan gertatutako errakzio kimiko batek eragin zuen kea, zeina lantegiaren sabaitik irten zen, handik kilometrotara ikus zitekeen hodeia sortuta.

Luze daramate Profersa eta Sader enpresek auzokideen kezka eta salaketen erdigunean; Bilboko Udalak inguruko airearen kalitatea neurtzeko bi gailu ezartzeko eskaera egin zien enpresei, baina Zorrotzako auzokide, elkarte eta plataformek neurri hauek nahikoak ez direla plazaratu dute. Sader-Profersa Kanpora! plataformak, beste dozena bat eragilerekin batera, datorren ostegunean, maiatzak 2 manifestaziora dei egin die herritarren, 19:00etan Zorrotzako FEVEren trenbide-pasagunetik irten eta, auzoko kale guztiak zeharkatuz, Agaleus taldeko bi enpresa salatuen instalazioak igroko dituzte.

Manifestazioaz gain, duela astebete Bilboko Auzo Elkarteak lehen batzar informatiboa egin zuen Zorrotzan, plataforma aurkeztu eta sinadurak banatzeko, eta 1500 sinadura baino gehiago lortu dituzte ordutik hona. Sinatutako eskaeran, plataformak Sader eta Profersa enpresei gaur egun duten Ingurumen Baimen Bateratua ez berritzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari; enpresok herritarrekiko metro gutxitara daudelako, hondakin arriskutxuak tratatzen dituztelako eta, pasa den asteko gertaerak adibide, haien instalazioen segurtasuna zalantzagarria delako. Sader eta Pfofersarentzako kokapen berri bat aukeratzeko lankidetzari ekiteko eskatu diote baita Bilboko Udalari, hiriguneti urrun eta instalazio seguruekin, bertako langileen eskubideak errespetatuz.

Egoerak gainezka egin du azken aste honetan, auzokideak nahikoa eduki dute eta hala plazaratu dute haien ezinegona, “Noiz arte jasango dugu aire arnasezin hau? Noiz arte itxarongo dugu beste istripu baten zain? Noiz arte onartuko dugu hondakin arriskutsuak daramatzaten kamioien eguneroko joan-etorria? Noiz arte utziko diegu herritarrei emisioei buruzko datuak ezkutatzen?”.