Profersak jardunari ekin dio berriz Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin

uriola.eus 2024ko uzt. 9a, 12:25

Argazkia: Sader-Profersaren aurkako mobilizazioa maiatzean (Sader Profersa Kanpora)

Azken hilabeteetan gertatutako istripuak lehengai baten “ezusteko beroketa” batek eragin zituela azaldu du enpresak.

Profersa ongarri ekoizleak Zorrotzako plantako jardunari ekin dio berriz ere, Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin, Agaleus enpresak lantegia ixteko hautua hartu ostean apirilaren 26an eta maiatzaren 11an gertatutako bi istripuen ondoren. Ke laino trinko zuri bat isuri zen Profersa lantegitik bi data hauetan, zeinak auzokideen kezka eragin zuen; azken urteetan auzo-mugimenduak Zorrotzako Sader eta Profersa lekualdatzeko eskatu dute, lantegi hauek hirigunean izateak biztanleen bizi kalitatean izan ditzakeen eraginagatik.

Agaleus enpresak lantegia geldiarazteko hautua bere gain hartu du, istripuen zergatia ezagutu eta etorkizunean halako istripurik ez gertatzeko neurriak hartu arte. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak ere Profersaren geldialdiaren aldeko neurriak hartu zituen maiatzaren 15ean, bi asteko tartean gertatu ziren bi istripuak errepika ez zitezen. Ekainaren hasieran Profersak lantegia berriz martxan jartzeko beharrezko dokumentazioa entregatu zion Jaurlaritzari, eta, azterketa sakon baten ostean, lantegia berriz martxan jartzeko baimena eman dio ongarri plantari.