Gutun Soziala: "Elkartasunetik, errotik aldatu nahi dugu egoera"

uriola.eus 2015ko urt. 30a, 13:27

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionalak agerraldia egin du gaur Bilbon. Bertan, "egungo egoera sozioekonomikoa gainditzeko", martxoaren 14an Bilboko eta Iruñeako kaleetan deitutako manifestazioetan parte hartzeko mezua zabaldu dute, "Euskal Herriko instituzioei gure oihua, aldarrikapenak, aldaketa sozialaren eta gure herriaren eskubide sozialak bermatzeko botere demokratikoaren eskaera helarazteko".

 

Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!

Hemen gaudenok, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariak, zuekin partekatu nahi ditugu egungo egoera sozioekonomikoaren inguruko iritzia eta berau gainditzeko proposatzen ditugun ekimenak.

Bere garaian pertsona ugari eta 100 erakundetik gora elkartu eta egoera sozial bidegabearen aurrean ekiteko izan genituen arrazoiek bere horretan jarraitzen dute. Gaur egun botere politiko eta ekonomikoek eskaintzen digutena ikusita oso argi dago egoera ez dela aldatu. Nahikoa da indarrean dauden botere politiko eta ekonomikoetatik eskaintzen digutena. Eskubide sozialak bertan behera, herritar gehienen pobretzea eta prekarizazioa, pribatizazio etengabeak, zerbitzu publiko eta ondasun komunen aurkako erasoak, gure bizitza eta ingurumenarekiko multinazionalen diru-gosea, desberdintasuna handitzen, demokrazian bizitzeko eta gehiengo sozialaren alde erabakitzeko burujabetza izateko aukerarik gabe. Bai, arrazoiek bere horretan jarraitzen dute eta, horregatik, elkarrekin erantzuteko beharra eta premia. Elkartasunetik, errotik aldatu nahi dugu egoera. Ez dago bestelako alternatibarik, guztiok duintasunez bizitzeko moduko Euskal Herria nahi badugu.

Horregatik, aliantza sozial eta sindikala saretzen hasi ginen bere egunean. Saretu, prozesu soziala jorratzeko, ahalik eta pertsona gehien elkartzeko amoz, eraso neoliberalari aurre egin eta alternatiba izateko ausardiaz. Hasiera baten, adostu genuen Euskal Herrian nahi dugun bermedun eskubide sozialen marko komuna. Aldaketa sakonak behar dituen markoa eta injustizia, zapaldutako eskubide sozial eta laboralak, diskriminazioak eta eguneroko zapalkuntzei erantzuteko benetako erabakitzeko-gaitasuna izan ahal duena. Hori guztia Madrildik, Bruselatik, eta orain TTIParekin, Wall Streetetik erabakitzeko eta alternatiba eraikitzeko aukera ukatzen digutenen aurka. 

Errealitate berria eraikitzeko ezinbestekoa deritzogu partekatu eta zabaltzeari, Euskal Herriko herri eta auzoetan herriak ukatzen dituzten ordena neoliberalaren mehatxu eta erasoen aurka borrokatzen ari diren pertsona, sektore eta proiektu guztiek parte har dezaten. Mobilizazioa behar-beharrezkoa baita.

Horregatik dei egiten diogu herritar orori datorren martxoaren 14an Bilbon eta Iruñean 'Aldaketa soziala orain, tenemos alternativas' lelopean izango diren manifestazioetan parte har dezan. Mobilizazio honekin hasiera ematen diogu dinamika publikoari, iraunkorrari, Euskal Herriko instituzioei gure oihua, aldarrikapenak, aldaketa sozialaren eta gure herriaren eskubide sozialak bermatzeko botere demokratikoaren eskaera helarazteko.

 

Programa Soziala

- Programa sozial hau Kartaren zoru sozial komunean oinarrituta dago eta politikaren lehentasunak aldatzeko bitartekoa da.

- Esparru hauetan oinarritzen diren 16 aldarrikapen biltzen ditu:

▪ Aberastasuna, enplegua eta lan guztien birbanaketa.

▪ Eskubide sozialak guztiontzat.

▪ Zerbitzu publikoen unibertsaltasuna.

▪ Alor publikoaren lidergoa.

▪ Politika ekonomikoaren eraginkortasun sozial eta ingurumenaren aldetikoa.

▪ Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna.

▪ Bazterkeria guztien aurkako etengabeko borroka (jatorria, aukera sexuala, aniztasun funtzionala...)

Programa sozial honekin Hego Euskal Herriko instituzioak interpelatuko ditugu honetan oinarritutako konpromisoak har ditzaten.

Horregatik, deialdi berezia egiten dugu martxoaren 14an Bilbon eta Iruñean borroka oro egon dadin, justizia handiagoaren aldeko gure auzo eta herrietako bihotz-taupadak erakusteko, patriarkatuari aurre egiten diogunoi, osasuna, hezkuntza eta gizarte ongizatea negoziatzeari aurka egiten diogunoi, adineko eta pentsionista errebeldeei, etxebizitza eskubidea aldarrikatzen dugunoi, esplotazioa eta prekarietatea jasaten diogunoi, giza-laguntza duinak etengabe erreklamatzen ditugunoi, kalitateko enpleguaren banaketa exijitzen dugunoi, etorkizuna lapurtu nahi diguten gazteoi, jatorriarekiko bazterketaren aurka ari garenoi, euskara hizkuntza bizia izan dadin nahi dugunoi...

Martxoaren 14an 'Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!' lemapean egingo diren manifestazioak 17:00etan hasiko dira, Bilbon, Jesusen Bihotzetik eta 17:30ean Iruñean, Antoniutti Parketik.

Martxoaren 14a izan dadila gure aldarrikapen, pankarta eta kartelen erakuslekua, mosaikoa. Erakus dezagun horien guztien alde elkarrekin lan egiteko ausardia.

Euskal Herrian bizi garenok egitasmo ekonomiko eta sozial berria eraiki nahi dugu, eredu zuzen eta solidarioa, inolako ezarpen eta interferentziarik gabe. Mobilizazio, eraikuntza, aldarrikapen eta alternatiben garaia da. Aldaketa soziala nahi dugu eta berau lortzeko botere burujabea.

 

www.eskubidesozialenkarta.com

[2014/12/16] Eskubide sozialen 'karta' zabalduko dute Uribarrin eta Otxarkoagan

[2014/11/19] Karta sozialaren balioa indartzeko mobilizazio nazionala deitu dute