Iker Egiraun gaur epaituko dute Troika Bilbon izan zeneko istiluen harira

uriola.eus 2016ko mar. 31a, 12:06

Gaur, martxoak 31, Iker Egiraun Egi bilbotarra epaitua izango da 2014ko martxoaren 3an, Bilbon egin zen Global Forum Spain bilkuraren kontrako istiluengatik. Egi Libre plataformak elkarretaratzea deitu du 10:30ean Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean.

2014ko martxoaren 3an, Troika osatzen duten erakundeetako ordezkariek Goi Bilera egin zuten Guggenheim museoan. Bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egon ziren Bilbon "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten manifestariek, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak, 13 guztira, tartean Egi. Gaur epaituko dute Bilboko epaitegian, bi urte geroago, eta fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra zein 120.000€-ko isuna eskatzen du beretzat.

Egi Libretik argi dute epaiketa hau, zein beste 12ena, "fartsa hutsa dela eta borroka soziala desaktibatzea duela helburu". Beraz, elkarretaratzea deitu dute bihar, 10:30ean, Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean "Guztiok egon ginelako Egi libre!" lelopean. 

[2014/03/03] Troikaren Goi Bilera salatzeko manifestazioko argazkiak